Kariben 60 lagunetik gora zendu dira ekaitzaren eraginez, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan prestatzen ari dira Sandy-k egin ditzakeen kalteak murrizteko. New Yorken, garraioak eta zerbitzu publikoak itxi, eta militarrak mobilizatu dituzte. Orotara, 375.000 pertsona hiritik atera dituzte, ura hiru metrora igo daitekeela iragarri baitute.
Beste neurri batzuen artean, banketxeak, ikastetxeak, museoak, antzokiak, NBEren egoitza eta hainbat denda ere itxita daude gaur. Wall Street ere itxi dute; 27 urtean soilik bi aldiz itxi behar izan dute gune hori: 2001. urteko irailaren 11ko atentatuen ostean eta 1985eko irailaren 27an, Gloria urakanaren ondorioz.
Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak herritarrei eskatu die ebakuatutako lekuetatik "lehenbailehen" alde egiteko, "denbora amaitzen ari baita". Halaber, premiazko produktuak erosteko eskatu dute agintariek.
New Jerseytik sartuko da urakana New Yorkera, eta hango hainbat leku hutsarazteko eta garraio publikoak eteteko agindu du Chris Christie New Jerseyko gobernadoreak.