'News of the World' itxi egingo dute, legez kanpoko entzuketen auziarengatik

Kazetariek Irakeko eta Afganistango gerretan hildako soldaduen senideak ere zelatatu zituztela zabaldu da

2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
News of the World Erresuma Batuko egunkaria ez dute gehiago argitaratuko datorren igandetik aurrera, legez kanpoko entzuketen inguruan sortu den polemika dela eta. «Beste zuzendari batzuekin hitz egin ondoren, erabaki dut neurriren bat hartu beharra neukala egunkariaren inguruan. Igande honetan kaleratuko dugu azken argitalpena», adierazi du James Murdochek. News Internationaleko presidentea da Murdoch, eta egunkaria ere enpresa horrena zen.

Bere esku dauden gainontzeko enpresak kaltetu ez daitezen erabaki du Murdochek egunkaria ixtea.Azken egunotan entzuketen kasuak izan duen oihartzuna dela medio, konpainia askok News of the World egunkariarekin zituzten iragarki kanpainak eten dituzte. Bestalde, Murdoch inperioaren ardatza diren bi enpresen akzioen balioa ikaragarri jaitsi da burtsan : BSkyB telebista katea eta News Corporation. Egunkaria itxita, bere inperioaren erorkera eragotzi nahi du enpresari australiarrak. «Egunkariari egin dizkioten akusazioak egiazkoak badira, gizagabekeria deritzot entzuketak egiteari eta horrelakoek ez dute gure enpresan lekurik izan behar», esan du Murdochek.

168 urte ditu News of the Worldek. The Sun egunkariaren igandeetako bertsioa da, eta 2,8 milioi aleko argitaraldia du, Erresuma Batuko handiena.

Cameronen adierazpenak

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak ikerketa independiente bat egiteko eskatuko du Parlamentuan. Gertatzen ari dena «nazkagarria» dela esan zuen, kasuak ez baitie politikari eta ospetsuei bakarrik eragiten.

Azken berrien arabera, Irak eta Afganistango gerretan hildako soldaduen senitartekoak ere zelatatu zituzten. Ustez, telefonoak ziztatu zizkieten familiako kideei.

2005eko uztailaren 7ko atentatuaren biktimek ere legez kanpoko entzuketak jasan ote dituzten ikertzen ari da Londresko Polizia Metropolitanoa.

Hori gutxi balitz, Milly Dowler 13 urteko neskatoa ere zelatatzen zuten ustez. Dowler 2002an bahitu zuten, eta egunkariak mugikorra ziztatu zion haren postontzira iristen ziren mezuak entzun ahal izateko. Ustez gordeta zituen mezu batzuk ezabatu zizkioten neskatoari, mezu berriei lekua uzteko. Neskatoa hilik agertu zen.

Kasua ikertzen 2007an hasi ziren, baina poliziak kazetari batzuei baino ez zien leporatu informazioa lortzeko legez kanpoko entzuketak egin izana. Gainera, ordu hartan politikarien eta pertsonaia ospetsuen telefonoak ziztatzen zituztela uste zuten. Orain, ordea, eztanda egin du auziak eta ustez egunkari osoa dago inplikaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.