«Ni, beti Obamarekin»

Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideez gain, dozenaka gobernadore aukeratu dituzte herritarrek AEBetan

New York
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Hotz esnatu da New York. Jendeak neguko txapelak daramatza jantzita. Baina epeldu du. Eta bero ere egingo zuen seguruenera alderdi politikoen egoitzetan, eta Etxe Zurian; hauteskundeak irabazteak sortzen duen pozak eragindako beroa edo esperotako emaitzak ez lortzeak norbaitengan sortu duen gorrituak emana.

Manhattango kaleetara begiratuta, ez dirudi gaur hauteskunde eguna denik: ez dago txartelbakar bat hormetan edo paneletan jarrita. Lurrean dagoen Obamaren maskarak ere ez dauka hauteskundeekin zerikusirik,Halloween gauean -aurreko igandean- norbaitek galdutakoa baita. Eguneroko jende emana dago kaleetan: lanerako bidean, eskola eta unibertsitatetik ateratzen, erosketak egiten edota iragarki paperak eta Metro eta AM dohaineko egunkariak kalean banatzen. Nor bere zereginetan dabil, edozein egunetan bezala.

Ilaran kafe zain dagoen etorkin batek hala esan dio ondokoari: «Gaur hauteskunde eguna dela uste dut». «Ez nekien ezer. Zer hauteskunde dira, ba?», galdetu dio besteak. Biak paperik gabekoak direla aitortu dute, egindako galderari erantzunez; ez dute botoa emateko eskubiderik, hortaz.Ondoan dagoen jatetxe bateko sukaldean lan egiten dute.

Japoniarrak dira Yuriko eta Takeo, eta New Yorken dabiltza azkeneko bi egunetan, turismoa eginez. Hauteskunde eguna dela ba ote zekiten galdetuta, goizean hotelean telebista jarrita jakin dutela erantzun dute. Izan ere,goizean goizetik irratia edo telebista piztuz gero, berehala jabetzen da bat. Azaroaren bigarrena ez dela astearte soil bat. Goizeko seietan hasita, denetan daude saio bereziak, eta egun osoan gisa horretan egongo direla iragarri eta iragarri ari dira, ongi eta zuzen informaturik egoteko aukerarik onena beraiena dela salduz. Grafikoak, inkestak, datuak merkatuan dauden eta ukimenaren bidez mugitzen diren pantaila erraldoietan erakutsi dituzte telebista platoetan. Egun lanpetua izan da hainbat kazetari, iritzi emaile eta komunikabideetako izarrentzat.

Manhattanen, Upper West Sideko 58. kalean dago botoa emateko lekuetako bat, Broadway eta Columbus etorbideen artean. Etxebizitzak diren eraikin bateko harrera lekuan daude botoa emateko makinak jarrita. Edozein zalantza izatera, propio argibideak emateko dauden langileak daude. Kanpoaldean lau hizkuntzatan jarri dituzte «hemen eman botoa» dioten txartelak. Ondoan, laranja kolore deigarriz, berriz, «ez egin kanpainarik», inork tentazioa izatera.

Gehiengoa jokoan

Emily errepublikanoa da. «Gaur ere ez dut aldatu nire botoa», dio irribarre batez zer bozkatu duen galdetuta. «Sarah Pailinek esaten dituen egiekin bat nator», gaineratu du. Lanera joan aurretik botoa ematea erabaki du Emilyk: «Gaurko zereginik garrantzitsuena hauxe dugulako estatubatuar garen guztiok. Gobernu demokratari gauzak zein gaizki egiten ari den erakutsi behar diogu gure botoen bidez, eta aldaketa eragin Ordezkarien Ganberan eta Senatuan».

Hori da besteak beste hauteskunde hauek eragin dezaketena: Demokratek Ordezkarien Ganberan eta Senatuan gehiengoa galtzen badute, zenbait politika aurrera eramatea ederki kosta behar zaio Obama presidenteari. Guantanamoren itxiera, esate baterako, erabat geldituko lukete errepublikanoek. Eta hezkuntzan, osasunaren munduan eta ekonomia esparruan egin nahi diren erreformak ere bere horretan geratzeko arriskua lukete.

Herritar gehienak bakarka joan dira botoa ematera. Randy eta Tim elkarrekin doaz zeregin horretara. «Ni, beti Obamarekin», dio Randyk; «ez dauka lan makala, eta ederki ari da». Tim ez dago ados: «Begira, ni duela bi urte zalantzan nengoen, baina azkenean demokratei eman nien botoa. Baina ez dut uste oraingo honetan merezi dutenik. Eta barkatu, Randy, baina ez da batere ondo ari presidentea». Biek irribarre egin diote elkarri.

Beste aukera bat

Maddy gaztea da, 22 urte ditu,eta, bozkatzeko aukera izan duen guztietan bezala, bere eskubidea aprobetxatu eta botoa eman du. «Columbiako Unibertsitatean demokraten eskolako kide naizela esaten badizut, pentsatuko duzu noren alde egin dudan, ezta?». Obamak presidentetzara iristeko behar-beharrezkoa izan zuen gazteen botoa: bozkatu zuten 18 eta 29 urte arteko gazteen %66k babestu zituzten demokratak duela bi urte. Ikusi egin beharko da Maddyk bezala 30 urtez azpiko jende askok baliatu duen bozkatzeko eskubidea oraingo honetan eta noren alde egin duen. Obamaren agenda politikoan parte-hartze handiagoa izatea nahiko luketela adierazi izan diote presidenteari Maddy bezalako gazte askok.

Boto afroamerikarrak eta latinoak ere berebiziko garrantzia izan dute demokratentzat hauteskunde hauetan: duela bi urte bezala, boto-emaile horiek mugiaraztea eta haien babesa irabaztea izan dira demokraten kanpainako azken txanpako ardatzak, gazteekin batera.

Gauez lanean aritu ostean eta etxera sartu aurretik erabaki du Swethak demokratei botoa ematea. «Ez nago erabat kontent haiekin, baina uste dut legegintzaldi honetako bigarren partea askoz ere hobea izango dela», dio baikor pentsatzen duela erakutsiz newyorktarrak.

Sekula izandako bozik garestienak bukatu dira, bai eta komunikabideetan hauteskundeen haritik izan diren eztabaida eta haserreak ere. Herritarrek erabaki dute zein 435 Ordezkarien Ganberako politikari, zein 37 senatari eta zein 37 gobernadore nahi dituzten etorkizunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.