Kontakizun hau bera emakume ugariren ahotan entzun daiteke Bosnia eta Herzegovinan. Xehetasun batzuk alda daitezke, izen baten lekuan beste bat jarri, emazte baten lekuan ama edo alaba bat, baina testigantzaren laztura beti izango da horren bihozgabea. NBE Nazio Batuen Erakundeko Populaziorako Funtsak atzo argitara emandako txostenean jasotako aurreneko lekukotza da emakume kroaziarrarena. Gerrek eta hondamendiek gizakiengan zer-nolako arrastoak uzten dituzten aztertu dute, eta topikoa oraindik ere indarrean dagoela ondorioztatu dute: emakumeak eta neskatoak direla kaltetuenak behin gerra amaituta ere. Dokumentuak dio bakardade eta pobrezia linbo batean gelditzen direla, etorkizun lauso baten aurrean, bide malkar baten aurrean. «Gerra garaian bizitako traumak ez dira behin bakea etortzen denean desagertzen; estresak bizi du aurrerantzean ere gizarte hautsi hori».
«Zaurgarriak»
Bosnia eta Herzegovina, Uganda, Liberia, Ekialdeko Timor, Haiti, Jordania, Gaza eta Zisjordaniako egoerak bertatik bertara ikertu dituzte, eta leku horietan guztietan, emakumeek gudu zelaian parte hartu ez badute ere, ondorio latzenak haiek pairatu dituztela jakinarazi dute. Alanna Armitage erakundeko kidearen hitzetan, gatazka egoeretan «zaurgarriak» dira, emakumeak tartean «arma gisa baliatzen dituztelako». Sexu indarkeria ohikoa baita gerran. Bosnia eta Herzegovinako emakumeek ondo dakite hori; ez dago kopuru zehatzik, baina sexu abusuak jasan zituztenak dozenaka mila izan zirela uste da. Mostarko emakume kroaziarrak 50 urte zituen bortxatu zutenean, eta gaur egun 70 ditu. Amesgaiztoa bizi eta hamabost urtera mintzatu zen aurreneko aldiz bizi izandakoaz. «Ordura arte ezin izan nuen inorekin hitz egin, bortxatu zuten beste emakume batekin aritu nintzen orduan, ulertuko ninduela pentsatu nuen; ni errudun egitearen beldur nintzen besteen aurrean, estigma handiegia zen». Semeei ere ez zien bizi izandakoaren berri eman, eta isiltasun hori ohikoa dela dio Thoraya Ahmed Obaidek. NBEko Populazioaren Funtseko zuzendariaren arabera, «lotsaizunean eta beldurrean» bizi dira emakume horiek, «psikologikoki hautsita eta duintasuna galduta». Horregatik ez dute euren izen-abizenak eman nahi izaten.
NBEren txostena egunotan betetzen den urteurren baten harira helarazi dute. Segurtasun Kontseiluak 1325 ebazpena onartu zuela hamar urte betetzen diren honetan, hura babestu duten estatuak oraindik ere gutxi direla salatu dute hainbat erakundek. Gerra egoeretan emakumeak babesteko mekanismoak ezartzea aurreikusten du ebazpen horrek, baina orain artean hogei herrialdek baino ez dute testua sinatu. Ikaragarriak dira ondorioak, neskatoentzat bereziki: 140 milioiri klitoria mozten diete; 30 milioi kalean bizi dira; hamar milioi ezkontzera behartzen dituzte; 86 milioi ez dira eskolara joaten; eta urtean 5.000 emakume dira ohore krimenen biktima.
Eta behin gerrak eta hondamendiak amaitutakoan herritarren eskura jartzen diren bitartekoak jasotzeko garaian ere emakumeak dira azkenekoak.
Berdintasuna erronka
Bakea eraikitzeko bide horretan, baina, emakumeak giltzarri direela uste du Obaidek: «Bakea ez da iritsiko baldin eta emakumeek ez badute prozesu horretan jarrera aktibo bat hartzen; erresistentziarako duten gaitasuna baliatu behar da, ezinbestekoak baitira herriei eusteko». NBEko datuen arabera, egun soilik %8 dira bake prozesuetan parte hartzen ari diren emakumeak, eta dinamika hori aldatzea da orain erronka. Eta, horretarako, sexuen arteko berdintasuna sustatu beharra dago.
Nata Duvvury izan da txostenaren egileetako bat, eta, haren iritziz, gizartean errotuta dauden jarrerak eta sinesmenak eraldatzeko aukera ematen dute krisiek ere. Tradizioz zuten rola alboratu eta bere gain ardura berriak hartzeko. Bakira Hasecicek horixe egin zuen. Hura ere gerran bortxatu zuten, eta gaur egun Bosnia eta Herzegovinako Gerrako Emakume Biktimen presidentea da. Sarajevoko bulego ziztrin batean ari da lanean, emakume guztien barne zauriak osatzeko.
Darfurko desplazatu gune handiena itxiko dutela ohartarazi dute
Kalmako desplazatu gunean errefuxiatuta bizi diren 82.000 herritarren etorkizuna kolokan da. Darfurko desplazatu gune handiena da, eta aurki itxi egingo dutela ohartarazi dute. Abel Hamid Kasha Darfur hegoaldeko gobernadorearen hitzetan, milizianoak babesten dira kanpalekuan, eta, horrenbestez, eraitsi egin beharko dute, segurtasuna bermatzearren.Haitin, bestalde, oraindik ere 1,3 milioi lagun bizi dira desplazatu gunetan. NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, giza hondamendia horren agerikoa ez bada ere, oraindik ere oso larria da. Urtarrilean uhartea astindu zuen lurrikarak 200.000 hildako eta milaka desplazatu utzi zituen.