Hondamendia

Nias uharteko hiri nagusia guztiz suntsitu du lurrikarak

Gunung Sitoli Indonesiako Nias uharteko hiri nagusia erabat suntsitu du asteleheneko lurrikarak. Hala jakinarazi du Australiako Caritasek, eta ohartarazi du hango bizilagunak laguntza humanitarioaren mende daudela erabat. Alexander Downer Australiako Atzerri ministroak, berriz, Niaseko egoera uste zena baino okerragoa dela nabarmendu du. Astelehenaz geroztik, 700 erreplika gertatu dira Niasen eta izua eragin dute biztanleen artean. Gainera, 6,3ko lurrikara izan da Sumatra iparraldean, Niasetik hurbil.

2005eko martxoaren 31
11:57
Entzun
Indonesiako Sumatra eta, bereziki, Nias uharteetatik iristen diren laguntza eskatzeko aldarriak ugaritzen ari dira, agintariak eta laguntza humanitarioko elkarteak asteleheneko lurrikarak zenbaterainoko triskantza eragin duen ohartu ahala.

Alexander Downer Australiako Atzerri ministroak agertu du Niaseko egoera uste zena baino okerragoa dela. Besteak beste, erietxe nagusian argindarrik eta urik ez dutela jakinarazi du, eta oso larri daudela ehunka bizilagun, osasun laguntzarik jaso ezinean. Australiako Caritasek, berriz, Niaseko hiri nagusia, Gunung Sistoli guztiz suntsituta dagoela azaldu du, eta hango bizilagunek aurrera egingo badute ezinbestekoa dutela laguntza humanitarioa; finean, hil edo biziko zaiela nazioarteko laguntza jasotzea.

6,3ko lurrikara Sumatra iparraldean

Gainera, Niaseko eta Sumatrako bizilagunek ez dute lasaitasunerako paradarik. Astelehenean lurrikara handia gertatu zenetik (8,7ko indarra hartu zuen Richter eskalan), 700 erreplika sumatu dituzte, horietako asko indar handikoak (gehienak 4,1-5,5 artekoak). Indartsuena, dena den, atzo gauean (arratsaldea Euskal Herrian) sumatu zuten: 6,3ko indarreko lurrikarak astindu zuen Sumatra iparraldea, Banda Aceh hiriaren ingurua, Nias uhartetik hurbil.

Lurrikarak zenbat hildako utzi dituen oraindik zehazteke dago; 1.000-2.000 heriotza arteko kopurua ematen dute agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.