ESKOZIA

Nicola Sturgeonek lehen ministro karguaren zina egin du

Asteburuan SNPko buruzagitza ere bere gain hartu du, bi karguetan Alex Salmond ordezkatuz.

Nicola Sturgeon, Alex Salmondekin. ROBERT PERRY, EFE
2014ko azaroaren 20a
07:54
Entzun

Irailaren 19an iragarri zuen Salmondek SNPko buruzagitza eta Eskoziako lehen ministro kargua utziko zuela, irailaren 18an Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumean unionismoa nagusitu ostean. Alderdi nagusian asteburuan ordezkatu du Sturgeonek, eta gaur zina egin dio lehen ministro karguari. Eskoziako Parlamentuak atzo izendatu zuen lehen ministro.

Parlamentuan, bozketa aurreko hitzartean, Sturgeonek nabarmendu zuen erreferendumeko parte hartzeak (%85) erakusten duela demokrazia "inoiz ez bezala loratu" dela Eskozian, eta agindu zuen parlamentari guztiekin lan egingo duela gizarte "hobea eta bidezkoagoa" egiteko: "Eskoziar demokraziaren aro berri bat dugu aurrean. Guk guztiok hutsik ez egiteko ardura dugu".

"Egun onenak etortzeko daude oraindik Eskozian"

Independentziari buruzko erreferendumean ezezkoa nagusi irten arren, alderdi independentista inoiz baino indartsuago dago. Bi hilabete eskasean 60.000 bazkide berri lortu ditu SNPk, eta irailean zeuzkanak halako lau ditu orain. Alderdiko buru izendatu berritan, lehenbiziko helburua datorren urteko udaberrian jarri zuen asteburuan Sturgeonek: Erresuma Batuko hauteskundeetan. "Liberal-demokratak eta UKIP [Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia] batuta baino kide gehiago ditugu. Hauteskundeotan, SNP ikusteko modukoa izango da, eta entzun egingo dute Eskoziaren ahotsa. Westminsterrek ez gaitu betiko egoerara itzularaziko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.