Nigerian 400 haur baino gehiago hil dira berunarekin pozoituta sei hilabetetan

Gobernuz kanpoko erakundeek uste dute intoxikatuta hildako haurrak gehiago ere izan daitezkeela

2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Berunarekin pozoituta, 400 haur baino gehiago hil dira azken sei hilabeteotan Nigeriako ipar-mendebaldean, Zamfara estatuan, NBIP Nazio Batuen Ingurumenerako Programak eta Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak zabaldutako datuen arabera. Bi erakunde horiek ohartarazi dutenez, dena dela, datu errealak horiek baino larriagoak izan daitezke.

Zamfara estatuan Mugarik Gabeko Medikuek duten ordezkari El-Shafi Muhammed Ahmadek zehaztu du intoxikazio baten ondorioz hil diren haur guztiek 5 urte baino gutxiago dituztela. Hondamendi horren lehen berriak orain dela zenbait hilabete zabaldu zituzten. Orduan jakitera eman zutenez, meatze batzuetan urrearen bila ibili ziren herritarrek arrokak hartu zituzten etxera eramateko. Herritarrek ez zekiten harri horiek berunez kutsatuta zeudela. Urrea aurkitzeko itxaropenez arroka horiek puskatzean, herritarrek inguru guztia kutsatu zuten. Berunaren irensteak eragiten duen eritasunari are minberagoak dira umeak, hori dela eta, biktima ia guztiak adingabeak dira.

Joan den irailean, NBIPk ohartarazi zuen 18.000 herritar inguru egon zitezkeela intoxikatuta Zamfaran eta arazoa hedatuz zihoala. Horregatik uste dute nabarmen larriagoa izan daitekeela benetan egoera. «Orainokoan, izozmendiaren gailurra baino ez dugu ikusi», adierazi dute lau ikertzailek lekuan bertan eginiko datu bilketaren ondoren.

Mugarik Gabeko Medikuek ere pozoituta hildakoen kopurua handiago delakoan dago. Erakundeko arduradunak azaldu du herritar askok ez dutela senideen heriotzaren berririk eman; izan ere, hala egiten badute urre meatzeetara joatea debekatuko dieten beldur dira. Nigerian nekazaritzatik baino bizibide hobea lortzen duten herritarrek legez kanpoko meatzaritzatik.

Merkurioarekin pozoituta

Berunarekin pozoitutako herritarren berri izan zutenetik NBEk abiarazi zuen ikerketari esker, adituak ohartu dira haien artean hainbat merkurioarekin intoxikatuta gaixotu direla. Elisabeth Byrs Nazio Batuen Ingurumenerako Programako eledunaren arabera, aztertutakoa herritarrengan merkurio kopurua normalean izaten dena baino mila bider handiagoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.