Khaled Salem gogoetazalea da; «oso espirituala» dela esatea gustatzen zaio. Inguruan gertatzen den gauzekin bueltaka ibiltzen da, alde guztiak ikusi nahian. Kairoko ospital handi bateko medikua den aldetik, ofizioak eskatzen dituen bertuteak erakusten ditu: pazientzia du, ez da ezerekin asaldatzen, ezta bere herrian gertatzen denarekin ere, eta gaixoari azterketa ahalik eta zorrotzena egiten dio, diagnosi egokia egin eta sendatzeko. Egipton gertatzen ari denaren gaineko jarrera ere egoera ondotxo aztertu ondoren hartua du, baita iraultzari dagokionean ere.
Khaleden ustez, hasteko, segurtasun neurrien ekiteko modua ez da egokiena izan: «Iazko urtarrilaren 25ean Poliziaren kontrako manifestazioa zegoela jakin nuenean, hauxe etorri zitzaidan lehenik burura: herria indarkeria, kaos eta anarkia aroan sartuko zela. Poliziak ez zuen esku hartu behar».
Dokkin bizi da, klase ertain eta aberatsa bizi den Kairoko auzo batean, eta lehen matxinadak izan zirenean Tahrirrera joatea erabaki zuen egun batean, «arretaz aztertzera gertatzen ari zena». Ikusi zuenak ez zuen konbentzitu. Gogoan du «denak oso polita» zirudiela, «baina jende hura gauza bakar batekin zegoen ados: Mubarak bota nahi zuten». Khaledek, ordea, plazan sentitu zuena bestelakoa zen: «Arazoak iristear» zeudela konturatu zen,Mubaraken ondoren herrialdean gerta zitekeenari buruz hainbat espekulazio eta gogoetaentzun zituenean.
«Nik ez dut iraultzan sinesten». Konbentzimenduz esaten du hori: «Bai bainekien zer gertatuko zen. Historiari begiratzea besterik ez dago konturatzeko 1952tik daudela boterean». Berarentzat arazoa ez dago armadan; hezkuntzan baizik, «norberaren barruan». Uste du, gainera, Mubarakek «oso ongi» gidatu zuela Egipto, agintaldiaren lehen urteetan, baina era berean, ez dauka arazorik aitortzeko «azkenean jendearengandik urrundu» egin zela. «Mafiosoez inguratu zen, eta ustelkeria hazten utzi zuen bere inguruan, geratzeko neurririk hartu gabe, eta jendeari sufrimendua eragin zion».
Baina iraultzak ere ez dio onik egiten Egiptori, bere ustez, «herrialdearen jarduera ekonomikoa geratu eta egoerak txarrera besterik ez duelako egin». Egiptoarra izatea, ez ordea iraultzailea, «oso konplexua» da gaur egun. Khaledek «iraultzaileen motibazioak errespetatzen» ditu, baina haiek ez partekatzeagatik berea sufritu behar izan duelako kexu da: «Eskolako lagun onak galdu ditut».
Nahigabetuta dagoen arren,ez dio gehiegi axola, baina mesfidantza sortu zaio bere ideiei erasotzen dietenenganako. «Nik sare sozialetan pentsatzen nuena idazten nuen, eta nire lagunek gogor eraso zidaten. Hori ez da demokratikoa, ezta osasuntsua ere». Hala ere, apirilaren 6ko mugimenduko batzuekin hitz egin du, eta haietako bati esana dio, denak bera bezala balira, bera ere haiengana batuko zela. «Primerako solasaldia izan genuen, errespetuan oinarritua».
Baina beste aldean dago. «Nik Xafiki eman nion botoa». Lehen eta bigarren itzulian. Bere ustez, prozesua «garbia» izan da. Politikoki, berriz, «armadak boterean jarraituko» duela uste du, «batere zalantzarik gabe. Mursik irabazi arren B plana izango dute. Baina inork ez daki zer dagoen denaren atzean», eta ezkutuko benetako gizon boteretsuak Omar Suleiman izaten jarraitzen duela ziur dago, Mubaraken ondokoa, eta erregimenaren segurtasun aparatuaren buru izandakoa.
«Hara. Ez dut Mubaraken erregimena defendatzen, ez bainaiz jendeari hitz kentzearen aldekoa, eta ez nuen etekinik atera harengandik».
«Nik Xafiki eman nion botoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu