Nikaraguako FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren sortzaileetatik bizirik gelditzen zen azken kidea hil da. Tomas Borge (1930, Matagalpa-2012, Managua) Nikaraguako 1979ko iraultzaren sinboloa izan zen, baina ustelkeria eta indarkeria salaketak ere izan zituen. Nikaraguako komandantea 82 urterekin hil da, biriketako gaitz baten ondorioz.
Borge oso gazte zelarik sartu zen politikan. Somozatarren diktaduraren aurka gogor egin zuen, 1979ko iraultzan boteretik kendu zituzten arte. FSLNk hartu zuen Nikaraguako gobernua, eta Borge Barne ministro izendatu zuten. Herritar askoren esanetan, ministro «beldurgarria» izan zen; izan ere, 80ko hamarkadan ustelkeria leporatu zioten, eta baita preso politikoen eta Karibeko indigenen hilketetan parte hartzea ere. Borgek dena ukatu zuen, baina 2006an Ameriketako Giza Eskubideen Auzitegiak gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa egin izana leporatu zien hari eta Daniel Ortega Nikaraguako presidenteari.
Borge ez zen inoiz aldendu politikaren mundutik. 1990ean ministro izateari utzi arren, FSLNko idazkariorde izendatu zuten. 2006an sandinistak gobernura itzuli arren, Borgek alderdiko postua utzi zuen eta Nikaraguako enbaxadore izan zen Perun. Hil arte bete du postua.•
Hilberria. Tomas Borge
Nikaraguako sandinisten burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu