Nikaraguan Ortega izango da presidentea, bozetan gehiengo osoa eskuratuta

Europako Batasuneko eta Ameriketako behatzaileek gardentasunik eza salatu dute hauteskundeetan

2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Nikaraguan inork lortu ez duena erdietsi du Ortegak: laugarren aldiz irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak. Hala ere, ibilbidea ez da erraza izan. Batetik, Konstituzioa aldatu behar izan du — oposizioak moldatu zuenetik, ez zuen baimentzen bi urtez presidente izan dena berraukeratzea, ezta aurreko legealdian buru izandakoa berriro ezartzea ere —, eta, bestetik, Europako Batasuneko eta AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko ordezkariek gertutik jarraitu dute bozketa, oposizioaren irregulartasun salaketak direla eta. 1979an Anastasio Somozaren diktadurari aurre egin zienkomandante sandinistetako bat izan zen Jose Daniel Ortega FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako burua, eta lehen itzuliko behin-behineko emaitzak jasotakoan bere esker ona erakutsi die nikaraguarrei. «Kristautasunak, sozialismoak eta elkartasunak lortu du garaipena hauteskundeetan», azaldu du bere izenean Rosario Murillok, Ortegaren emazte eta bozeramaileak.

Managuako iturriek jakinarazi dutenez, lehen zenbaketetan botoen %63,7 eskuratu ditu FSLNk; PLI Alderdi Liberal Independenteak, zeinenaren burua Fabio Gadea 80 urteko kazetari eta politikaria den, botoen %25 eskuratu dituela diote iturri berberek, eta Arnoldo Alemanek, PLC Alderdi Liberal Konstituzionaleko buruak eta presidentetzarako hautagaitzan hirugarrenak, %6ko babesa. Zenbaketak amaituta emaitzak baieztatzen badira, Parlamentuaren gehiengoa eta kontrola lortuko ditu Ortegak.

Gazteak eta behartsuak izan dira bereziki presidente berriaren alde egin dutenak; iragan agintaldiko politika sozialek erakarrita eman diote babesa. Hugo Chavez Venezuelako presidenteak egindako diru ekarpenek, halaber, egonkortasun makroekonomikoa eman diote Nikaraguari, eta Nazioarteko Diru Funtsak ere goraipatu du herrialdearen hobekuntza. Adituek diotenez, laguntzok ezinbestekoak izango ditu Ortegak agintaldi honetan ere. Dena den, harrokeriarik gabeko kanpaina egin du, eta emaitzek argi utzi dute gerrillari ohiak gizartearen erabateko babesa duela, eta orain arteko egitasmoekin aurrera jarraitu dezan nahi dutela.

«Ez dira gardenak»

«Gure ikuskatzaileek ezin izan dute bozketa mahaien %20 behatzera sartu, eta radar bidezko komunikazioa ere galdu dugu; hori ez zaigu sekula gertatu. Beraz, ezin esan dezakegu hauteskundeak erabat gardenak izan direnik», salatu du Dante Caputo AEEko Behatzaileen buruak. Hain zuzen ere, oposizioko alderdiek bozetan irregulartasunak egon zitezkeela aditzera eman zuten, eta Europako Batasuneko ordezkariek ere zailtasunak izan dituztela jakinarazi dute. Gainera, susmo txarrak eragin ditu hildako pertsonen izenak hautesle erroldetan aurkitzeak, eta beste zenbaitetan hautesle izan beharko luketenen datuak ezegoteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.