Tomislav Nikolic SNS Serbiako Alderdi Aurrerakoiko hautagai nazionalistak irabazi du Serbiako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, Boris Tadic presidente ohi eta DS Alderdi Demokratikoaren hautagaia garaituz.
RIK Serbiako Hauteskunde Batzordearen arabera, botoen %52,51 zenbatuta Nikolicek %50,21eko babesa jaso du; Tadic, berriz, %46,77koa. Parte hartzea %46,7koa izan da.
Lehen emaitzak ezagutu ondoren, Nikolicek adierazi du Serbia ez dela "Europako bidetik" aldenduko, eta "Serbiako herritarrak Kosovon babesteko" nahia agertu du.
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ohar baten bidez Nikolici eskatu diote "beharrezko erreformak" egiteko, Europako Batasuneko kide izateko negoziazioak hasi ahal izateko.
Lehen itzulian bezala, lehia gogorra espero zen, eta halaxe izan da.
Lehen itzulian, botoen %97 zenbatuta, bi hautagaien arteko aldea oso murritza izan zen: %25,33 Tadicentzat, eta %24,99 Nikolicentzat. Serbiako presidentetzarako hauteskundeak aurreratu egin zituzten, Tadic presidenteak apirilaren 4an dimisioa ematea erabaki ondoren.