«Herriarentzat sortu zen NLD [Demokraziarako Liga Nazionala], eta existitzen jarraituko du jendeak hor jarraitu bitartean». Hitz horiekin erantzun dio alderdiko lider eta Myanmarko Gobernuko kontseilari ohi Aung San Suu Kyik junta militarrak NLD legez kanporatzeko hartutako erabakiari. Argitara atera diren NLDko liderraren lehen hitzak dira otsailaren 1eko estatu kolpearekin batera atxilotu zutenetik. Haren abokatuari esan dizkio, Naypyidawko auzitegi berezi batean, haren aurka hasitako lehen epaiketan.
Aung San Suu Kyi «osasuntsu» dago, eta «otoi egiten du herritar guztiak ongi egon daitezen», haren abokatu Min Min Soek adierazi duenez. Hura lehen aldiz bildu da aurrez aurre NLDko buruarekin, etxean giltzapetuta dagoenetik. Ordu erdi eskaseko bilera horretan, NLDren legitimotasuna defendatzeko baliatu du kontseilari ohiak, epailearen aurrean eseri aurretik. Hor ere ez du denbora asko egin, epaiketa ekainaren 7ra arte atzeratu baitute.
NLDk, ordurako gobernuan zenak, nagusitasunez irabazi zituen iazko azaroko bozak —botoen %60 inguru eta jokoan zeuden eserlekuen %80 eskuratu zituen—, baina armadak haietan «iruzur» egin zutela argudiatu zuen estatu kolpea emateko. Joan den ostiralean, hauteskunde batzordeak, junta militarrak berak aukeratuak, mezu bera berretsi zuen, eta alderdia desegingo dutela nabarmendu. Haren hitzetan, «identifikatu gabeko pertsonek bozkatzea baimendu zuten», eta «aurretiazko botoa euren mesedetan manipulatu». Ustez, hamar milioi boto inguru maneiatu zituzten euren interesen arabera, armadaren aldeko hedabideen esanetan. Horregatik, alderdiko buruzagiei «traizio» delituak egotzi dizkiete.
Akusazio horiek nazioarteko begiraleek esanikoen aurka doaz. AnfrelHauteskunde Askeen Asiako Sarearen arabera, pandemiarekin eta armadaren eta mugimendu independentisten eta arteko enfrentamenduekin lotutako «irregulartasunetatik» haratago, ez zen inolako arazorik atzeman: «2020ko bozen emaitzak Myanmarko herriaren nahiaren erakusle izan ziren».
Azken asteko salaketak, gainera, ez dira izan Aung San Suu Kyiren aurkako eraso bakarrak. Otsailetik, sei delitu egotzi dizkiote kontseilari ohiari; besteak beste, gailu elektronikoen legez kanpoko inportazioa ”€debekatutako walkie-talkie batzuk izateagatik”€, hauteskunde kanpainan COVID-19aren aurkako neurriak ez betetzea, liskarrak hauspotzea, eta Sekretu Ofizialen Legea haustea. Azken akusazio hori da haren aurka aurkeztutako larriena. Myanmarko Auzitegi Gorenean epaituko dute, eta hamalau urteko espetxe zigorra ezar diezaioke hark. Ez da militarrek jomugan duten lehen aldia ere. 1962tik 2011ra indarrean egon zen junta militarrak ere hamabost urtez eduki zuen preso, 2010era arte. Aurrez, 1991n, Bakearen Nobel saria jaso zuen, demokraziaren aldeko borrokagatik.
818 hildako
Junta militarraren aurkako manifestariek kalean jarraitzen dute, demokrazia berriz ezartzeko eta atxilotuak askatzeko exijituz. Otsailaren 1etik, mobilizazioen kontrako oldarraldietan, segurtasun indarrek 818 lagun hil dituzte, Preso Politikoak Babesteko Elkartearen arabera; eta atxilotuak 5.400 baino gehiago dira, tartean Aung San Suu Kyi eta Win Mynt presidentea.
Horiek hala, armadari aurre egiteko miliziak eratu dituzte herrialde osoan zehar, periferiako mugimendu independentisten eta autonomisten laguntza dutenak. Bi aldeen arteko liskarretan, atzo, militarrek lau lagun hil zituzten Kayan estatuan, eliza baten aurka eginiko erasoan. Asteburuan, berriz, 40 soldadu hil zituzten Defentsa Zibilerako Indarrek, Karen estatuko talde armatuen laguntzarekin.
Oposizioa gaia nazioartekotzen saiatzen ere ari da. NLDko parlamentari talde batek CPRH Batasunaren Biltzarreko Ordezkarien Batzordea sortu zuen martxoan, nazioartean junta militarraren aurkako gobernu legitimo gisa aurkezteko asmoz. Haiekin bat egin dute beste hainbat alderdik ere, junta militarrak hartutako azken erabakien ostean. Juntako buru Min Aung Hlaingek otsailean adierazi zuen hauteskunde berriak deitzeko asmoa zuela, eta, horretarako, hainbat alderdirekin biltzeari ekin zion. Lehen elkarrizketa prozesuan 56 taldek parte hartu zuten arren, horietako askok, tartean parlamentuan ordezkaritza zuten batzuk, mahaitik altxatzea erabaki dute.