Nola galdu da kontua

Inkestek kontserbadoreei ematen diete garaipena Kongresuan, baina ez dute argitzen zenbaten aldea aterako duten

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Zentzua Berreskuratzeko Martxak asteburuan adieraztera bultzatu ditu kanpainan isiltasunean babestu diren milaka estatubatuar, Tea Partykoen Ohorea Berreskuratzeko abuztuko martxa egin zen leku berean, National Hallen, Washingtonen. Jon Stewart telebista izar eta gazteen ikono kultural denak lortu du demokratek ezin izan dutena: inteligentziaren balioa ozen aldarrikatuz erantzutea ezjakintasunaren hertsitasunari, aniztasunaren adierazpen askatasuna AEBetan balio bat dela erakustea. Tea Partykoen muturreko pentsamendu bakarrari zaplaztekoa. Hamaika inkestak demokraten porrota iragarri dute gaurko bozetan, askoren ustez galera historikoa, eta martxa hau ikur politikorik gabe sortutako ekimena izanda ere, demokratentzat indarra da, galduta ere hauteskundeen ondorengo garaiari gartsu heltzeko. Presidentetzarako 2012ko lasterketa hasi dute dagoeneko.

Ordezkarien Ganberako eta Senatuko hauteskundeen kanpainak argi erakutsi du kontserbadoreak mendekua gauzatzeko indarberritu direla, bi ganberatan gehiengoa duen alderdi demokrata erorarazteraino. Inkestek ez dute argitzen, hala ere, zenbat eserleku aldatuko diren eskuz. Dena dela, Barack Obamak presidentetza hartuz geroztiko bi urteotan inoiz baino argiago geratu da AEBetako sistemaren funtzionamendua ez duela aldatuko, oztopoak etxean ere jarriko dizkiotela.

Erreformak egiteko oso gogorrak izan dira lehen bi urteak, baina agintaldiaren datozen biak are zailagoak izango ditu edozer aurrera ateratzeko, errepublikanoak nagusitzen badira gobernuburuaren proiektuek eta proposamenek onespena behar duten organoetan. Presidenteak ez ditu galdutzat ematen, eta hauteskundeon gogortasunaz jabetuta egon dela esan du, horri behar bezala erantzuteko moduan daudela. Presidenteak denbora gehiago eskatu du bere proiektuak aurrera ateratzen direla ikusarazteko.

Presidentetzarako hauteskundeen erdiko bozok -midterm- ez dira oso parte-hartzaileak izaten. Etxe Zuriko burua aukeratzerakoan baino %15 gutxiagok ematen dute botoa gutxi gorabehera, eta azken 30 urteetan herritarren %40tik behera. Baina gaurkoak beste itxura bat dauka.

Ez da harritzekoa demokratek galtzea, dena den, herri hartan ohikoa delakopresidenteak irabazi eta bi urtera, legealdiaren erdian justu, oposizioko alderdiak irabaztea, boterean denak egin ez duenagatiko desilusioak aginduta; nolabaiteko boterea aitortzen diote ere herritarrari politikariek, esaten dutenean gobernuburuaren politika bideratu nahian zigortzen dutela; herritarrek, liberal izan edo kontserbadore, politikaria bidegurutzean jartzen duela. Ordezkarien Ganberako 435 eserlekuetatik 20 bat gutxiago lortzen ditu boterean den alderdiak normalean, eta Senatuan 100 eserlekuetatik hiru edo lau.

Oraingoan, ordea,adituek aurreikusi dute50 bat eserleku galduko dituztela demokratek behe ganberan, haren kontrola errepublikanoei emanez -39 eskuratu behar dituzte errepublikanoek horretarako-, eta Senatuan hortxe-hortxe ibiliko direla nagusitasuna izateko, zazpi edo zortzi eserleku irabazita.

Galdegindako errepublikanoen %53 irrikaz daude botoa emateko, eta demokraten artean, berriz, %22 besterik ez. Horietako gehienak erdiko klasekoak dira, gizonak eta zuriak. Emakumeek, pobreek, katolikoek eta independenteek ez dute botoa emateko asmo handirik errepublikanoei ez bada, eta horiek egingo diete min batez ere demokratei, boterera eraman zituztenek. Esanguratsua da ere, primarioetan errepublikanoen artean 1970etik parte-hartzerik handiena izan dutela, eta demokraten artean, berriz, inoizko txikiena.

Itxaropena

Errepublikanoek zalaparta gehiago atera dutela-eta distortsiorik badagoela pentsatu nahi dute demokratek -kanpaina mediatiko handiagoa egin dute kontserbadoreek-. 80 bat eserleku zalantzan daudela ere ageri da inkestetan hautagaiak oso berdinduta daudela, eta botoen zenbaketara itxaron beharko dela benetan horiekin noren aldera egingo duten ikusteko. Azken unera arte botoa erabakiko ez duten herritarren %11k ere garrantzia izango dute.

Irrika gutxiagorekin, baina azken unean herritar askok haien alde erantzungo dutela esan dute demokratek, eta Obama ez dutela hauteskundeok ezustean harrapatu, prestatuta egon direla egoera errealari begira. Galtzen badute, gehiengo berriaren kontraesanak nabarmentzea izango da bihartik aurrera demokraten zeregina, presidentetzako 2012ko hauteskundeetara begira, eta batez ere ikustaraztekoa AEBetako krisi egoera orokorraren ondorio dela, eta aurretik datorren zerbait, ez Obamak sortua.

Baina presidentetzarako hauteskundeak ez direlako, errepublikanoen eta demokraten arteko lehiak estatuetako hautagaiengan dauka gaur pisu guztia. Ordezkarien Ganberako eta Senatuko ordezkariengan eta estatuetako gobernadoreengan.

Kongresua

Ordezkarien Ganbera da handiena 435 eserlekurekin, eta 50 estatuek ordezkari bana ziurtatuta dute. Ondorengo banaketa, biztanleriaren araberakoa izaten da. Kalifornia da herritar gehien dituen estatua, eta 53 ordezkari dauzka. Bi urterako agintea izaten dute.

Berez, Senatuari dagokio nazioarteko gaiei buruzko erabaki garrantzitsuenak hartzea, baina Ordezkarien Ganberaren ardura da diru sarreren inguruko legedi federala abiatzea, eta, ondorioz, ganberako batzordeen boterea handia da. 2006an, eserleku gehienak demokraten esku geratu ziren -1995etik lehen aldiz-, ganberaren agenda orokorra erabakitzeko eta batzorde nagusiak gidatzeko aukera emanez.

Senatuan estatu bakoitzak bi ordezkari dauzka; beraz, 100 dira guztira, eta sei urtean behin horien heren bat berritzen dute. Ordezkarien Ganberak baino erabaki garrantzitsuagoak hartzen ditu berez, eta Konstituzioaren lehen emendakinak jasotzen dituen botere esklusiboak dauzka. Besteak beste, presidenteak ezin ditu hainbat erabaki garrantzitsu hartu Senatuaren aholkurik eta baimenik gabe.

Gobernadoreei dagokienez, berriz, Konstituzioak jasotzen du Estatu subiranoen federazioa direla Amerikako Estatu Batuak, eta gobernu federalari espresuki emandako botereak ez direnak dituztela estatuetan. Bakoitzak, beraz, nahikoa botere dauka. Eskubide penal eta zibilari buruz nork bere kodeak dauzka. Gobernadorea hori dena kudeatzen duen burua da, eta, estatuaren arabera, botere handia dauka.



«Babesa behar dut estatubatuarron ametsak egia bilakatzeko; bozka dezagun, ezetza saihesteko»

BARACK OBAMA
AEBetako presidentea


«Azken bi urteok ez diote batere onik egin gure herriari; orain datorrena lurrikara politikoa da»

SARAH PALIN
Alaskako gobernadore ohi errepublikanoa


%10

Posta bidezko botoa. Inkestek garaipena errepublikanoei ematen dieten arren, datuak oso bestelakoak dira posta bidezko botoari begiratuz gero. Orain arte bozkatu dutenen artean, %10 gehiagok egin dute Alderdi Demokrataren alde.



Energiaren alorreko 'lobby'-ek bat egin dute Tea Partyrekin

Barack Obama presidenteak klima aldaketa gelditzeko proposatutako neurriak ez ziren energiaren alorreko lobby-en gustukoak izan. Horiek hala, agintaldi erdiko bozak baliatuta, Tea Partyrekin bat egin dute demokraten aurka. Europako zortzi enpresak, adibidez, 306.000 dolar eman dizkiete errepublikanoei.



Kontserbadoreen lehen biktima izango da ekonomia

Iragarpenak egia bilakatzen badira, kontserbadoreak izango dira nagusi Kongresuan datozen bi urteetan. Horren ondorioak datozen asteetan eztabaidatzekoa duten aurrekontu federalean nabarituko dira; izan ere, dagoeneko iragarri dute ez dutela onartuko defizita murrizten ez duen aurrekonturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.