Emakume predikatzaile bat Caracasko Simon Bolivar etorbide politikoki mitikoaren bukaeran dagoen aretoan. Handik minutu erdira, 60.000 lagun, antolatzaileen datuetan, Henrique Capriles oposizioko hautagai bateratuaren mitin handian, oihu batean eta dantza askotan. Bi mundu, bi kezka.
Biek hitz egiten diote kristauen jainkoari. Zehatzago esanda, emakume predikatzaileak jainkoarekin hitz egiten duela dio; Capriles ez da horrenbestera iristen, jainkoa aipatzen du, bizpahiru aldiz 45 minutuko mintzaldian, eskaerak egiten dizkio, baina ez da ausartzen jainkoari botoak eskatzera. Emakume predikatzailea urrutirago doa, eskaerak egiten dizkio, eta jainkoak bete egiten du emakume predikatzaileak eskatzen diona. Pena Capriles oso lanpetuta dabilela 60.000 jarraitzaileei botoa eskatzen; jakin balu minutu erdira daukala soluzioa, alegia Chavez orain arte garaiezinari irabazteko modua emakume predikatzailearen esku dagoela.
Baina oso lanpetuta daukate kristauen jainkoa Venezuelako hauteskundeetako bi hautagaiek; Chavez ez delako atzean gelditzen goikoarekin berbaldiak edukitzeko orduan. Ederra da presidentea eskaerak egiteko orduan. Zaila dauka oroahaldunak, ezin biak irribarretsu utzi urriaren 8an. Bietako batek birao ederrak botako ditu egun horretan, betikoak eta politikoak.
Pozarren dabiltza Caprilesen aldekoak, igandean bildutako jendetzarekin. Simon Bolivar etorbidea betetzea xede, erraz lortu zuten; haien esanetan, «inoiz Venezuelan egindako ekitaldi politiko jendetsuena» izan da. Kontuz, ostegunean Chavez da hiriburuan, leku berean; bere lekuan alegia. Oso gustuko du Chavezek etorbide hori jarraitzailez betetzeko; hor egin izan dituelako mitin historikoak. Zenbat ote zeuden igandean Caprilesen ekitaldian duela 14 urte leku berean Chavezekin egondakoak? Asko, seguru asko.
Horiek, Chavezen zale ohiakerakusten ditu harroen Caprilesek jarraitzaileen eromenerako. Behin eta berriro aipatu zituen igandeko mitin beroan, klimatologikoki neurgailuak erretzeko modukoa eta politikoki animoak altxatzeko. Etsaiari kendutako altxorra dira garai batean Chavezekin bezain sutsu direnak gaur egun Caprilesekin, eta Chavezen aurka. Zentroa, zentro politikoa, txirtxilatu egiten du venezuelarren izaera politikoak.
Mitinera joan zen jendea ez zegoen programen xehetasunak jakiteko. Capriles hizketan hasi baino lehenagoko hiru ordu eta erdietan musika eta dantza, bizitzeko airea bezala musika behar duten herritarrentzat. Hizlari berogailu pare bat zizka-mizka moduan, eta nagusia, jendetzaren artean kamioneta batera igota iritsi zen. «Herriarengandik sortua», berogailuetako baten hitzetan. Lider handien gisa, Ameriketako Estatu Batuetatik ekarritako merkadotekniaren ezaugarri guztiak bete zituen Caprilesen sarrerak; baina Hernaniko ukitu batekin. Bi bertsolarik jardun zuten justu aurretik, hemengo hizketan repentistak direnak. Trikitilariak, edo txalapartariak, jarriko ote ditu Chavezek ostegunekoan?
Programa ez, baina egurra bai, galanki. Chavezen aldekoak ez direnak oso Chavezen aurkakoak dira, neurrigabe. Horren jakitun, eta sekula edukitako entzule kopuru handienaren aurrean, gogor kritikatu zuen Chavezen hamalau urteotako jarduna. Bi ardatz nagusi kritika horietan: kaleko biolentzia eta nazionalismoa presidentearen internazionalismoaren aurka. Lehenean, gazteak eta emakume amak. Bigarrengoan, gorriak ikusten dituen herritarraren egoera Chavezek nazioartean banatzen dituen diru eta petrolioarekin kontrajarriaz. Ez zen tren karril horretatik atera. Bere programaz, ezer gutxi. Oso azaletikzerrendatu, besterik ez: hezkuntza, osasun zerbitzuak, gutxieneko soldata, sendagaiak, lanpostuak sortu, argi etenak, ura... eta, eskuineko aurpegia aurreneko aldiz erakutsiz, etxeak jabetzan emateko proposamena. Chavezek, Capriles dixit, «utzi egiten ditu etxeak, txantaje moduan, edozein unetan kentzeko mehatxuarekin».
Baina jendeak gehiago nahi du, egur gehiago alegia.«Urrea», «hitz egin urreaz», eskatzen diote oihuka behin eta berriz. Caprilesek gorrarena egiten du, eskuineko belarrian behintzat, alde horretatik iristen baitzaizkio eskaera horiek. Chavezi urrea lapurtu eta atzerriko leku ezkutu batean gordetzea leporatzen diote oposizioko erradikalenek. Caprilesek ez du ur horietan sartu nahi, badakielako ipuin gaiztotu bat izan litekeela. Botoak, batik bat orain arte Chavezekin egon direnenak, nahi ditu oposizioko hautagaiak, eta kontu horiek uxa litzakete urriaren 7an trantsizioa egiteko prest egon litezkeenak. Urrearen aipamenik ez.
«Nongoa zara?», galdetu dit paperean oharrak hartzen ikusi nauen Caprilesen zale batek. «Europakoa naiz, Euskal Herrikoa», erantzun diot. «Eta lortu al duzue independentzia?», hark. «Ez», nik. «Caprilesek irabazten badu, errazagoa izango da zuentzat independentzia lortzea», bota du sententzia, bi gehi bi lau direla dioenaren segurtasunarekin. Ez nekien zer egin, edo mitinean geratu edo emakume predikatzailearengana joan.
Non dago urrea?
Henrique Capriles Venezuelako oposizioko hautagaiaren zaleak pozarren dabiltza igandean Caracasko Simon Bolivar etorbidea bete ondotik. Programaz ezer gutxi azaldu arren, jarraitzaileak gogobeteta utzi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu