EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

«Non okertu zen Errepide Mapa? Okerra zen, hasteko»

Edu Lartzanguren.
2003ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbileko bake prozesuaren historialaria da Hussein Agha Erresuma Batuko Oxford Unibertsitateko irakaslea. Robert Malley Bill Clintonen aholkulari ohiarekin batera, proposamen bat egin du gatazka konpontzeko: nazioarteak bake ituna idaztea, eta akordioa israeldarrei zein palestinarrei erreferendumean bozkatzera ematea. Proposamenaren inguruko xehetasunez, besteak beste, mintzatu da Agha berriarekin.

Israelgo Armadak Siriari egin dio eraso asteburuan. Zergatik?

Israelek gero eta jomuga gutxiago ditu «terroristen kontrako» deritzoten kanpaina horretan. Ekialde Hurbil osoaren egoeraren hauskortasuna erakusten du erasoak: edozein aferak gaindi ditzake zuzenean parteen mugak. Ekialde Hurbilaren segurtasun egoeran elkarrekiko dependentzia da nagusi, eta Siriako gertaerak hori nabarmentzen du. Israeldarrak saiatzen ari dira une egokitzat jotzen dutenaz baliatzenestatubatuarrak Iraken sartuta daudela, zein «terrorismoaren aurkako gerra» Siriarrak umiliatzeko, eta beharbada, Damaskori Hezbola kontrola dezan ohartarazteko.

Duela gutxi, palestinarren eta israeldarren arteko gatazka «behingoz» konpontzeko proposamena egin zenuten. Zerk bultzatu zintuzten halako proposamena aurkeztera?

Ekialde Hurbilera begiratuz gero, prozesu bera behin eta berriro gertatzen dela ikusi genuen. Ez da bake akordiorik lortzen, eta lortzen bada, ez da betetzen. Hala izan da Oslotik saiatu diren aldaketa guztiekin. Saiakera bakoitzarekin garestitu da porrotaren prezioa palestinarrentzat, batez ere, baina baita nazioartearentzat ere. Porroten ondoren, gero eta gehiago eta gero eta sendoago saiatzeko egiten dute dei. Beti da, ordea, saiakera bera: behin-behineko akordioak lortu konfiantza areagotzearren, eta bidea urratzeko behin betiko akordioentzat. Beti dago errua nori bota prozesua hausten denean: Abu Mazeni gutxi egiteagatik, Ariel Sharoni gehiegi egiteagatik, eta Jasser Arafati bidean egoteagatik. Hala izan da Errepide Maparekin ere. Bada garaia, ordea, prozesu beraren inguruan ondorioak ateratzeko: oztopoak, atzerapenak, bete gabeko betebeharrak, edo itunen bortxaketak eta bortxakeria orokorrean ez dira prozesuaren desbideraketak, egun dioten bezala, baizik eta berezko garapen saihetsezina. Non okertu zen Errepide Mapa? Okerra zen, hasteko. Ezin duzu pentsatu lehen huts egin duenak orain funtzionatuko duenik.

Beraz, zure ustez posible izango litzateke nazioarteak behin betiko akordio bat idaztea eta aldeei betearaztea?

Bake prozesuaren historiari begiratuta, ikusten da ituna egitea ahalbidetzen duen oinarria jarrita dutela jada bi aldeek. Europak, Estatu Batuek, Errusiak eta Palestinako zein Israelgo gehiengoek badakite zertan den oinarri hori, uki dezakete. Hura ezartzea baino ez da falta. Haatik, negoziatzen jarraitu behar dela esateak ez zaitu inora eramango, bihar bertan hasita ere. Negoziazioetan diferentziak nabarmentzen direlako, eta jada adosturik dagoena gutxiagotu.

Onartuko al lukete aldeek idatzita emandako akordiorik?

Nola egiten den. Estatu Batuek zuzendaritzapean, Europa, Errusia, Txina eta herrialde arabiarrak bilduko lituzkeen koalizioak idatzi eta aurkeztu beharko luke, eta Nazio Batuen Erakundeak ebazpen bat emango luke itun hau hezurmamitzeko. Honez gain, lurralde okupatuak NBEren mandatupean jarri beharko lirateke bolada batez, itunak dioena gauzatzeko. Estatu Batuek zuzenduta Israel pozik izateko , nazioarteko tropak zabalduko lirateke. Horrez gain, neurri multzo osoa erreferendum baten bidez emango litzaieke bi herriei bozkatzeko. Halako egitasmo batek arrakasta izango luke, ez bailitzateke xehetasunetan galduko eta bi herrien gehiengoaren sostengua lukeelako.

Oso ziurtzat duzu gehiengoaren sostengua. Haatik, israeldar gehienak, esaterako, Sharonen alde daude, eta Arafat «kentzea» ontzat dute.

Intifadaren unerik beroenean ere, palestinarren eta israeldarren %70 izan dira iradokitzen ari naizen akordioaren bezalako baten aldekoak. Ez litzateke inposizioa, negoziazioen historiatik sorturiko oinarri akordioa baita, ez eta kanpoan asmaturiko ezer. Kanpaina egin beharko litzateke, jakina. Baina denek onartuko lukete, denek nahi dutelako irtenbidea. Israeldarrek egungo politika sostengatzen dute, beste aukerarik ikusten ez dutelako. Azken inkestak ikusita ere, beti duzu emaitza bera: israeldarren %70-75 bi estatu osatzeko konponbidearen aldekoak dira. Kontraesana itxurazkoa da.

Bi aldetako muturrekoek ezingo lukete akordioa zapuztu?

Gehiengoaren pisua nagusituko litzateke, hau da, orain arte ahotsik izan ez duen gehiengoarena. Ez dago beste biderik. Israeldarrak nazkaturik daude, ez dute irtenbiderik ikusten, Sharonek ez die eman aginduriko segurtasuna. Palestinarrak nazkatuta daude, ez soilik beren segurtasun ezagatik israeldarrek baino arrisku handiagoa dute, hildako kopuruei begiratzen badiezu, baita ere beren amets nazionala lortzeko modurik ikusten ez dutelako.

Zer nolako erreakzioak sortu ditu zuen proposamenak?

Oraingoz ideia da, besterik gabe. Jendeak dio ez dela aterako, eta ni ados nago. Ateratzekotan, bihotz aldaketa izan beharko genuke AEBetan, gidaritza har dezaten. Plana NBEtik badator, Israelek ez du onartuko, eztaEuropatik badator ere. Gauzatzeko aukera bakarra AEBetatik etortzea da, eta Washington lanpetuegi dago egun Errepide Mapa bizirik mantentzen, zein datozkien bozekin. Aukerak ia zero dira, egitasmo hau bide bakarra den arren. Hau da bi estatuko konponbide baten azken itxaropena. Ez bada gauzatzen, urte pare barru prposatuko diren konponbideek estatu bakarra aurreikusiko dute. Apartheidekin hasieran, baina estatu bakarra izango da azkenean. Palestinarrentzat hori ez da problema, bai ordea israeldarrentzat, estatu judua nahi duten heinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.