800 bat migratzaile lehorreratu egin dituzte Indonesiako Aceh probintziako kostaldean, arrantzale ontzi batzuek lagunduta. Atzo 400 migratzailez beteriko beste itsasontzi bat atzeman zuten Thailandiako uretan. Indonesiak, Thailandiak eta Malaysiak ontziak itsasora itzularaziko zituztela esan dute aurreko egunetan. Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, erreskatatuetako zortzi "oso egoera larrian" daude. Azken asteetan, 1.500 rohingya eta bengalar hartu dituzte Malasyak eta Indonesiak.
Atzo atzeman zituzten migratzaileak hiru hilabete zeramatzaten itsasoan, egurrezko itsasontzi zaharkitu batean pilatuta. Andamango itsasoan aurkitu zituzten, Thailandiako uretan, nora ezean. Myanmarko eta Bangladesheko errefuxiatuak dira, jazarpen etnikotik eta pobreziatik ihesean. Janik eta edatekorik gabe egon dira egunetan, bizi-baldintza tamalgarrietan. BBC Erresuma Batuko kateari jakinarazi diote haietako hamar hil direla, eta itsasora bota behar izan dituztela. Haatik, ez dute non lehorreratu. Bangkokek adierazi du ez dituela hartuko, ez diela lehorreratzeko baimenik emango. Jarrera berbera hartu dute Malaysiako, eta Indonesiako agintariek: itsasora bueltan eramango dituzte. Azken asteetan, migratzailez betetako beste itsasontzi ugari atera dira Myanmartik, Asia hego-ekialdeko herrialdeetan lehorreratzeko asmoarekin. Gehienak rohingya etniakoak dira, herrialdeko gutxiengo musulmana. Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, 8.000 lagun egon daitezke itsasoan itzulinguruka.
Herenegun gauean arrantzale batzuek aurkitu zuten itsasontzia, Koh Lipe uhartetik hurbil. Migratzaileen arabera, tripulazioak itsasontzia utzi zuen, motorra erabilezin utzita. Atzo goizean Thailandiako itsas armadako ontzi bat gerturatu zitzaien, eta elikagaiak eta ura eman zizkieten. «Motorra konpontzen lagunduko diegu. Haien asmoa Malaysiara joatea da. Legez kanpo sartu dira herrialdean», esan dio Thailandiako armadako ofizial batek New York Times egunkariari.
Giza krisiari aurre egiteko borondate eta estrategia zehatz baten falta erakutsi dute Malaysiak, Indonesiak eta Thailandiak. Azken asteetan, 1.500 rohingya eta bengalar hartu dituzte Malasyak eta Indonesiak, baina Thailandiak egin gisan, ohartarazi dute ez dituztela asilatu gehiago onartuko. Jeffre Savage UNHCReko arduradunak gobernuei eskatu die erreskate operazioak abian jartzeko. «Giza hondamendia gertu egon daiteke». Malaysiak eta Thailandiak ez dute NBEko errefuxiatuen hitzarmena izenpetu, eta polizia arazo gisa tratatzen dute migrazioa.
Asteartean 1.000 migratzailetik gora iritsi ziren Langkawi uhartera, Malaysian, baina berriro nazioarteko uretara itsasoratu zituzten. Igandean ia 600 migratzaile erreskatatu zituen Indonesiak, baina erregaiz eta elikagaiz hornituta itzularazi zituzten horiek ere.
Gobernuz kanpoko erakundeek gogor kritikatu dute hiru herrialdeek hartutako jarrera «bihozgabea». Human Rights Watch erakundeko Asia hego-ekialderako arduradun Phil Robertsonek alarma gorria piztu du: «Hurrena, milaka rohingyen hilotzak kostaldean aurkitzea izango da». Robertsonek salatu nahi izan duenez, herrialde horiek «migratzaileekin mahai tenisera jokatzen dute». Giza eskubideen aldeko elkarteek gobernuei eskatu diete «mugak irekitzeko», migratzaile uholdeak sortutako krisiari erantzuteko.
Gero eta gehiago dira Bangladesh eta Myanmar utzi eta bizi-baldintza kaskarrak hobetzeko itsasoratzen direnak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, urteko lehen hiru hilabeteetan 25.000 lagunek ihes egin dute herrialde horietatik itsasontziz. Tarte horretan iaz izandako kopurua halako bi. Iheslari asko rohingya herritarrak dira.
«Mahai tenisera jokatzen»
Giza trafikoaren gune nagusia da Thailandia, eta kasu askotan armadako ofizialak daude nahasita trafikatzaileen sareetan. Hilaren hasieran, segurtasun indarrek trafikatzaileen aurka sarekada bat egin zuten, eta 300 migratzailetik gora askatu zituzten. Legez kanpoko kanpalekuetan atxikitzen zituzten, eta haien senideei bahisaria eskatzen zieten bidaia jarraitu ahal zezaten. Aste honetan, Poliziak jakinarazi du beste zortzi kanpaleku aurkitu dituela. Bizi-baldintza tamalgarrien ondorioz hildako migratzaileen hobiak ere topatu dituzte. Guztira, hogeita bi lagun atxilotu dituzte, gehienak poliziak eta tokian tokiko politikariak. Kanpaleku gehienak hegoaldean daude, Malaysiarekiko mugan. Izan ere, Thailandia igarobidea da. Musulmanak izaki, Indonesia eta Malaysia erakargarriagoa zaizkie rohingya etniakoei. Bangkokek laguntza eskatu dio Malaysiako Poliziari giza trafikoaren arduradunak harrapatzeko. Patchuban Angchotipan da Poliziaren helburu nagusia, Satun probintziako presidente ohia eta trafikatzaile sarearen ustezko burua.
Hain zuzen ere, Bangkokek giza trafikatzaileen aurka abiatutako kanpainak azalarazi du Myanmarreko eta Bangladesheko migratzaileen sufrikarioa. Hilabeteetako itsas bidaia amaitzean, Thailandiatik Malaysiarako bidea lurrez jarraitzen ohi zuten. Baina Bangkokek itsasaldeko zaintza areagotu ondotik, trafikatzaileek zuzenean jo dute Indonesiako eta Malaysiako kostaldetara.