Corriere de la Sera egunkariak gaur argitaratu duenez Muammar Gaddafi atzerritar batek hil zuen, "ziurrenik frantziar batek", eta ez orain arte bertsio ofizialak zabaldu duen moduan Libiako erresistentziako kide batek. Libiako iturri diplomatikoak aipatzen ditu egunkariak bere albistean, eta gaineratzen du zerbitzu sekretuetako agente bat izan zela hiltzailea.
Egunkariaren arabera, agente hori errebeldeen artean infiltratu zen Nicolas Sarkozyren aginduz, eta "horretarako aukera" zuenean Gaddafi hiltzeko agindua zuen. Bertsio horrek Mahmud Jibril Libiako lehen ministro ohiak elkarrizketa batean esandakoarekin bat egiten du: "Iraultza brigadetan sartu zen agente atzerritar batek hi zuen", esan dio Egiptoko telebista kate bateko kazetariari.
Ustezko hiltzaile errebeldea aurreko astean hil zen
Gaddafi 2011ko urriaren 20an hil zuten, bertsio ofizialaren arabera, Surtetik ihes egin nahian zihoala. NATOk konboi bat ikusi eta erasotu egin zuen, bere bertsioaren arabera, Gaddafi hor zela jakin gabe. Erasotik ihes egin zuen agintariak, baina errebelde talde batek harrapatu hil zuen.
Orain arte uste izan da Omran Shaban 22 urteko gazteak hil zuela Gaddafi, horren urrezko pistolarekin tiroa jota. Gaddafi hil zeneko bideoan nola hil zuten garbi ikusten ez denez, hainbat gobernuz kanpoko erakundek ikerketa bat eskatu dute, baita nazioarteko komunitateko hainbat kidek ere. Hainbatek salatu du Gaddafi exekutatu egin zutela.
Shaban uztailean Gaddafiren aldeko talde batek harrapatu zuen, Beni Walid hirian, eta albiste agentzien arabera, torturatu egin zuten. Irailaren 13an utzi zuten aske, eta Parisera eraman zuten. Aurreko astean hil zen, ustez, torturatu zutenean egin zizkioten zaurien ondorioz.