Galdeketaren kontakizuna BERRIAn

Normal-normal bozkatu dute, eta parte hartzea handia izan da

Egunaren zuzeneko kontakizuna egin du BERRIAk, eta etenik gabe emango du gertatzen denaren berri webgunean eta sare sozialetan. Bideoa: poteoa, gaitarekin (Martxelo Otamendi). [youtube]http://youtu.be/Pw-4aAGzTXI [/youtube]

2014ko irailaren 19a
19:18
Entzun

23:00. Itxi dituzte bozkalekuak. Parte hartzea oso handia izan da; %80-90 esaten ari dira hainbat iturri, Europa Press berri agentzia, besteak beste.

22:55. Kontaketa egin behar dutenak euren lekuetan dira, Edinburgon prestatutako eraikinean. Hautetsontziak irekitzeko prest.

22:35. Baiezkoaren aldeko herritar ugari Eskoziako Parlamentuaren inguruetan dira, Holyrooden.

22:30. Eskoziako erreferendumarekiko interesa handituz joan da azken hilabetean sare sozialetan. Mundu osoan izandako bilakaera bildu du hainbat mapatan Erresuma Batuko Daily Mail egunkariak.

22:15. Botoa emateko azken uneak. Batzuek aurreikusi gabeko arazoei egin behar izan diete aurre, garaiz iritsi ahal izateko. Daily Record kazetak jaso duenez, Londrestik Invernessera zihoan tren batek matxura izan du arratsaldean, eta beste bat jartzeak zekarren atzerapena ikusirik, taxia hartzea erabaki dute hainbat lagunek: 189 librako gastua.

22:00. Ordubete bozkalekuak ixteko. Ez dago bozkalekuetan egindako inkestarik; egunkariek orain arte kaleratutakoen arabera, baina, ezezkoa nagusituko litzateke (%53). Bestelako iritzia dute BERRIAren inkestan parte hartu dutenek: %76ek uste dute Eskozia estatu independente izatea hautatuko dutela herritarrek.

21:30. Azken orduko ahaleginak egiten ari dira aldeko nahiz kontrakoak zalantzati daudenak konbentzitzeko. Hala jaso du Samara Velte BERRIAko kazetariak:

    Azken orduko ahalegin desesperatuak #Eskozia-ko jendea konbentzitzeko pic.twitter.com/wNa3WVSyfb
    — Samara Velte (@samaravelte) September 18, 2014

21:00. Edinburgon izan den EAJren ordezkaritzak balorazio "oso ona" egin du gaurko egunaz. Emaitza bihar jakingo den arren, eskoziarrek dagoeneko "irabazi" egin dutela adierazi dute, alderdiak kaleratutako ohar batean. Garaipen hori bi argudiorekin arrazoitu dute jeltzaleek: etorkizuna erabakitzeko aukera izan dutelako, batetik; eta "giro adeitsuan eta gizalegez" egin dutelako, bestetik.

20:40. Zenbait bozkaleku 22:00ak baino lehen itx zitezkeela zabaldu da sare sozialetan; zurrumurruak besterik ez dira, ordea. Horren arabera, bozkaleku batean parte hartzea %100ekoa balitz, hau da, botoa eman beharreko guztiek botoa eman balute, itxi egingo lukete. Informazio hori gezurtatu egin dute, eta, beraz, bozkaleku guztiak iragarrita zegoen orduan itxiko dituzte —22:00etan, Euskal Herrian 23:00ak direnean—

20:15. Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaria Eskozian da. Adierazi berri duenez, "garrantzitsuena" ez da gaurko erreferendumaren emaitza, baizik eta erreferenduma bera egitea. "Etorkizunean Eskozia zer izango den erabakiko dutenak hemen bizi eta lan egiten duten pertsonak izango dira, eta erabakia errespetatu egingo da".

20:05. Euskal Herriko zenbait herritan elkarretaratzeak egiten ari dira uneotan, Eskoziako prozesuaren alde.

    Eskoziarekin elkartasunean egindako bilkurak. Irudian Beasain #eskozia #goierri pic.twitter.com/HumgEbCEO9
    — Goierriko Hitza (@goierriHitza) September 18, 2014

20:00. Hiru ordu geratzen dira bozkalekuak ixteko. Batzuk dagoeneko kontaketaren zain dira. Edinburgoko plaza batean, kandelez osaturiko mosaiko bat osatu dute, Eskoziako banderaren eta senyera-ren koloreekin.

19:10. Sare sozialei ere begiratzen die Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak. "Baiezkoa da leku guztietan", adierazi du Trendsmap-ek eginiko irudi interaktiboa ikusi ondoren:

    It's Yes everywhere! http://t.co/8shH6FnqtW #LetsDoThis! #voteYes today to put Scotland's future in Scotland's hands. | Source: @Trendsmap
    — Alex Salmond (@AlexSalmond) September 18, 2014

19:00. François Hollande Frantziako presidenteak ere hitz egin du Eskoziako erreferendumaz. Harentzat, prozesuak "egoismorako, populismorako eta separatismorako" bidea irekita utz dezake.

18:00. Euskal Herriko hainbat eraikin publikotan Eskoziako bandera zintzilikatu dute. EH Bilduren eta EAJren esku dauden zenbait udalek babesa agertu diote prozesuari. Bilbon, bandera kentzeko eskatu dio EAJk EH Bilduri; Gasteizen, ordea, bi alderdi horiek jartzearen alde agertu dira. Eskoziakoarekin batera, Kataluniako bandera eta ikurrina ikus daitezke. Donostian, udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetan dago Eskoziako bandera.

17:25. Eskozian bizi diren Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat herritarrek ere botoa emateko aukera izan dute. Baiezkoa bozkatu duten lauren hitzak bildu ditu Efe berri agentziak. Euskal herritarrek baiezkoa gailentzea espero dute, eta onartu dute "inbidiaz" begiratzen diotela Eskoziako prozesuari; katalanek "ariketa demokratikoaren adibidetzat" jo dute.

17:00. Zalantzatiak konbentzitzeko azken ahaleginak egiten ari da Yes Scotland kanpaina. Baiezkoa zergatik bozkatu behar duten azaldu die herritarrei:

    Undecided? Here's why you should vote Yes - https://t.co/yZfuWX8yDn #indyref #voteYes
    — Yes Scotland (@YesScotland) September 18, 2014

16:20. Erreferenduma sare sozialetan. Twitter bidez jasotako iritziekin irudi interaktibo bat osatu du Trendsmap-ek. Baiezkoaren aldekoak zenbatzeko hiru traol hartu ditu kontuan: #voteyes, #yesscotland eta #voteyesscotland. Ezezkorako, berriz, #voteno, #bettertogether eta #nothanks.

15:55. Euskal Herriko hainbat udalek ere bat egin dute Eskoziako erreferendumarekin. Horretarako, udaletxeetako balkoietan banderak zintzilikatu dituzte: Zeberio, Zaldibar, Urduña, Ondarroa...

    Zeberio, Zaldibar, Urduña eta Ondarruko udaletxeak. Erabakitzeko eskubidearen alde #HerriekErabaki #YesScotland pic.twitter.com/jYe8pu9VWA
    — EH Bildu Bizkaia (@ehbildubizkaia) September 18, 2014

14:15.Evening Standard Londresko egunkariaren inkesta baten arabera, independentziaren kontrakoak irabaziko lukete galdeketa, botoen %53arekin. Ipsos-Mori etxeak egin du, eta azken emaitzarako botoa zehaztu gabe zutenak kanpoan utzi ditu. Inkesta etxe horren arabera, %4 lirateke oraindik botoa erabaki gabe dutenak. Inkesta herenegun eta atzo bitartean egin zuten, 991 laguneko lagin batekin. Arratsaldeko egunkaria da Evening Standard eta atera berri du inkestaren emaitza. Goizean The Sun eta The Times egunkarietarako YouGovek egin duen inkestaren arabera, ezezkoak botoen %52 jasoko lituzke.

13:05. Amaiur, EAJ, Geroa Bai, CDC, ERC, BNG, Nuevas Canarias eta Compromis-Equo alderdietako diputatuek Eskoziako galdeketa babestu dute adierazpen batean, eta Espainiako Gobernuari eskatu diote Kataluniako eta Euskal Herriko herritarrei ere uzteko euren etorkizuna erabakitzen.

12:45. Eskoziako erreferendumaz hitz egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Esan duenez, Eskoziak erakutsi du bere etorkizun politikoa erabaki dezakeela "negoziazioaren eta akordioaren bidez", eta erantsi du Jaurlaritzaren borondatea "bide horretatik aurrera egitea" dela: "Historikoki egin izan dugun bezala egingo dugu; kultura foralaren baitan, hitzarmenaren bidez".

12:30. Eskoziako independentzia erreferenduma bertatik bertara jarraitzeko, hainbat lagun joan dira hara Euskal Herritik; besteak beste, Burlatatik. Independentzia mugimenduak dituzten beste herrialde batzuetako biztanleak ere joan dira Eskoziara.

[Youtube]http://youtu.be/kMo2tsjURWs[/Youtube]

11:20. Inkesta berezia abiatu du Daily Record egunkariak erreferendum egunerako: bertxioak baiezkoaren alde, gustukoak ezezkoaren alde.

    Take part in our Twitter vote on #indyref. RT for #Yes or FAV for #No pic.twitter.com/iF0VynUMok
    — The Daily Record (@Daily_Record) September 18, 2014

11.15. Laneguna da gaur Eskozian. Ilarak sortu dira hainbat bozkalekutan, eta ez dute inolako liskarrik ezagutarazi. Normaltasuna da nagusi baiezkoaren nahiz ezekoaren jarraitzaileen artean, argazki honetan ikus daitekeenez.

    Central #Glasgow polling station @ 6.50am: Ivan thinks 'yes' has momentum & David is hopeful for quiet 'no's #indyref pic.twitter.com/tEQKtMaUJt
    — Karla Adam (@karlaadam) September 18, 2014

11:05. Strichenen bozkatu du Alex Salmond Eskoziako lehen ministro eta SNPko buruak. Nabarmendu du herrialdean zehar "gogo handiz" bizi dutela erreferendum eguna, eta gaineratu du emaitza "eskoziarren esku" dagoela.

    It was a pleasure to #voteYes with first time voters Natasha and Lia this morning. #LetsDoThis Scotland! #IndyRef pic.twitter.com/iRVaoEj44w
    — Alex Salmond (@AlexSalmond) September 18, 2014

10:15. Euskal ordezkari ugari joan dira Eskoziara, eta bertatik bertara bizitzen ari dira egun historikoa. Sare sozialetan ematen ari dira ikusitakoaren berri; hala egin dute, besteak beste, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Maite Iturre Udalbiltzako presidenteordeak.

    Egun handia hasia da Eskozian!! @ehbildu-kook orain zenbait hautes-mahai bisitatzera ateratzen gara. BAIETZ IRABAZI!!! @YesScotland #indyref
    — Maite Iturre ||*|| (@maiturre) September 18, 2014

    La normalidad es absoluta en las calles de Edimburgo. A simple vista, nadie diría que Escocia decide hoy su futuro pic.twitter.com/WgtYCPySFg
    — Andoni Ortuzar (@andoniortuzar) September 18, 2014

    Egun historiko honetan, batzuk horrela datoz bozkatzera #YesScotland pic.twitter.com/VepPaVBljk
    — Jon Inarritu (@JonInarritu) September 18, 2014

    Mugimendu handia hauteskoletan. Oso partehartze handia espero dute. @ehbildu pic.twitter.com/IsoZ6sZtMB
    — Josu Juaristi (@Josu_Juaristi) September 18, 2014

10:04. Botoa eman du jada Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministrordeak. "Sentipen zoragarria" izan du Eskozia independente izatearen alde bozkatu ondoren, Twitterren azaldu duenez.

    I've just voted #Yes to Scotland becoming an independent country. What a wonderful feeling. #indyref
    — Nicola Sturgeon (@NicolaSturgeon) September 18, 2014

    And with local MSP after vote... Her husband was also with her. pic.twitter.com/ucKTyMSSiY
    — Anushka Asthana (@SkyAnushka) September 18, 2014

09:30. Ez da hausnarketa egunik izan Eskozian, eta gaur bertan argitara ditzakete inkestak egunkari eta iritzi institutuek. YouGov-ek eginikoa da azkenetako bat; bart gauean argitaratu du, eta independentziaren kontrakoak gehiago direla ondorioztatu du: %52 unionisten alde eta %48 independentisten alde, zalantzatiak baztertuta.

09:20. Euskal Herrian interes handiarekin ari dira herritarrak Eskoziako erreferenduma jarraitzen, eta, Umap-en arabera, ez da ia beste gairik sare sozialetan. Gainera, Eskoziako bandera eskegi dute hainbat lehio eta eraikinetan; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan.

    Eskoziako bandera Foru Aldundiaren jauregian Euskal herritarrek ere erabakiko dute beren etorkizuna #ScotlandDecides pic.twitter.com/FtOkhWrTZ8
    — Gipuzkoa Berria (@GFA_berri) September 18, 2014

09:10. Franz Ferdinand abeslaria, Sean Connery aktorea... hainbat ezagunek eman diote babesa independentziari. Azkena, Andy Murray tenislariak; bart gauerdian, ezezkoaren kanpainaren "ezkortasuna" kritikatu du Twitterren.

    Huge day for Scotland today! no campaign negativity last few days totally swayed my view on it. excited to see the outcome. lets do this!
    — Andy Murray (@andy_murray) September 18, 2014

Independentziaren aurka agertu dira, berriz, JK Rowling idazlea, Mick Jagger abeslaria eta Ewan McGregor aktorea, besteak beste. Gainera, beste aliatu bat aurkitu du unionismoak azken orduetan: Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua. Sare sozialetan, etxe zuriak idatzi du Erresuma Batua "kide bikaina" dela AEBentzat, eta "indartsu eta batuta" egotea espero duela.

    The UK is an extraordinary partner for America and a force for good in an unstable world. I hope it remains strong, robust and united. -bo
    — The White House (@WhiteHouse) September 17, 2014

08:45. Erresuma Batuko eta Eskoziako egunkarietako azalak. Besteak beste, The Sun-en arabera, emaitza edozein dela ere, "orri zuri" baten gainean hasiko da idazten Eskozia. "Patuaren gure eguna", idatzi du Daily Mirror-ek. Herald-ek, berriz, uste du "Eskoziaren azken epaiketaren eguna" dela gaurkoa. "Egun bat gure etorkizuna erabakitzeko", eraman du azalera The Independent-ek. "Batasunerako E eguna" dela nabarmendu du The Times-ek.

08:17. Hautetsontziak itxi eta berehala hasiko dira botoak zenbatzen. Bihar goizerako espero dira emaitzak; 06:00etatik aurrera, gutxi gorabehera. Ordu horretan jakin ohi dira Eskoziako hauteskundeetako emaitzak. 32 barrutietako emaitzak bildu ostean, Royal Highland Centren (Edinburgo kanpoaldean) emango du emaitzen berri Mary Pitcaithly zenbaketarako arduradun nagusiak.

08:11. Erreferendum egunari buruzko hainbat datu: 2.608 bozkaleku daude herrialde osoan, eta 16 urtetik gorakoek dute botoa emateko eskubidea. 4.285.323 eskoziarrek eman dute izena botoa emateko —boto eskubidea zutenen %97k—, eta 789.024 herritarrek postaz bozkatu dute jada.

08:00. Zabaldu dituzte bozkalekuak Eskozian, han 07:00ak direla. 22:00etara arte izango dute botoa emateko aukera (Euskal Herrian 23:00 direnean).

"Eskoziak herrialde independentea izan behar al luke?".

Ziurtasuna edo zalantza gailenduko den, hori da gakoa: Yes Scotland kanpainak independentziaren onurez konbentzitu nahi izan ditu herritarrak, hainbat auzi oraindik airean dauden arren; Better Together unionistak independentziaren ustezko arriskuak nabarmendu ditu, eta trukean are promesa lausoagoak egin ditu Londresko gobernuaren izenean.

Ez da eskoziarren lehenbiziko erreferenduma: duela hamazazpi urte ere deitu zituzten botoa ematera, parlamentua ezarri edo ez erabaki zezaten. Gaurkoa, baina, haratago doa. Indar subiranistek parlamentua instituzio garrantzitsutzat jotzen duten arren, susmoz beteriko bozketak izan dira aurrekoak: beti leporatu izan diete Londresko alderdi nagusiei parlamentua euren mesedetan erabiltzea, mugimendu independentistak apaltzeko mekanismo gisa. Propio jarri zuten gehiengo osorik ez lortzeko moduko boto sistema bat; hala ere, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak lortu zuen 2011n, eta independentziari buruzko erreferenduma egitea agindu zuen. Handik hiru urtera, bete du hitza. "Inoizko ahalduntze ariketa handiena izango da milioika eskoziarrentzat", esan du Alex Salmond lehen ministroak kanpaina amaierako mezuan: "Eskozia betiko aldatu da. Ez diezaiogun aukera horri ihes egiten utz".

Estutzen, estutzen

Bi urte luze iraun du kanpainak, eta, haren itzalpean, independentziaren aldeko herri mugimendu indartsua eratu da. Babes apalarekin abiatu zuten Yes Scotland: ozta-ozta iristen zen herritarren herenera, are gutxiago Glasgow eta Edinburgon. Denbora alde izan dute, ordea: hilabeteotan, estutuz joan da bi aukeren arteko aldea, eta, gaurdaino, ezin aurreikus liteke ezer inkesktei behatuta. ICM etxeak herenegun argitaratutakoaren arabera, zalantzatiak alde batera utzita, baiezkoak botoen %48 lortuko lituzke, eta ezezkoak, %52. Zalantzatiak kontuan hartuz gero, tartea are estuagoa da.

Erresuma Batuko Gobernuak erreferenduma onartu zuenean, nekez irudika zezakeen hainbeste estutuko zela lehia: David Cameron lehen ministroak patxadaz jakinarazi zuen auzia eskoziarrena zela eta haien esku utziko zuela. Orain, amaitu zaio sosegua. Boto-emaileak konbentzitzeko keinu desesperatutzat jo dituzten hainbat erreakzio erakutsi dituzte unionistek egunotan, bereziki Londrestik. Asteartean Aberdeenen izan zen Cameron: eskoziarrek alde eginez gero "bihotza hautsiko" ziotela esan zuen prentsaurrean, eta «dibortzio mingarria» izango litzatekeela. "Ez banauzue atsegin, ez naiz hemen betiko egongo. Ez bazaizue gobernu hau gustatzen, ez da betiko izango. Baina Erresuma Batutik irteten bazarete, hori betiko izango da, bai».

Londresko gobernuak nekez eragingo du errukirik urte luzez baztertuta sentitu den herrialdean: Cameronen maitasun adierazpenak beranduegi datoz. Kontserbadoreek ez, Alderdi Laboristaren mezuek eragiten dute zalantza gehiago: urte luzez Eskoziako alderdi nagusia izan da, eta, gehiengoa galdu arren, eragin handia dauka Glasgow inguruko langile auzoetan.

Horiek dira emaitza erabaki dezaketenak. Hauteskundeetako parte hartzea oso txikia izan ohi den arren, oraingoan herritarren %97k eman dute izena; eta zalantzatiei mintzatu zaizkie kanpaina amaierako mezuetan. «Ez dago protesta botoentzako lekurik», esan du Blair McDougallek, kanpaina unionistako zuzendariak: "Erresuma Batua uztea bozkatzen badugu, ez dago atzera bueltarik, horrek murrizketa handiagoak, prezio handiagoak eta lanpostu apalagoak ekarrita ere".

Bando independentistan, ekitaldi jendetsuak egin zituzten atzo Yes Scotland-ek eta Independentzia Erradikalaren Aldeko Kanpainak. «Aurkariak erabat nahastuta daude. Eskoziako Parlamentuarentzako botere gehiago agindu dituzte, baina azken orduko zirriborro baten itxura du», esan zuen Glasgown Dennis Canavan Yes Scotland-eko zuzendariak: "Ez diete ziria sartuko Eskoziako herritarrei. Modu bakarra dago parlamentuari botere gehiago emateko: baietz bozkatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.