«Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako tragediarik handiena». Hala definitu du Jens Stoltenberg lehen ministroak herenegun Norvegian gertatutakoa. Orduak pasa ahala gehituz joan da hildakoen kopurua. Azken datuen arabera, 85 pertsona hil ziren Utoya uharteko tiroketan, eta zazpi Oslon jarritako bonbaren ondorioz.
Azken horrek kalte handiak eragin ditu inguruko eraikinetan —hainbat ministerio daude inguruan, tartean lehen ministroaren bulegoak—. Hala, hondakinen artean gorpu gehiago daudela baieztatu du Poliziak, baina eztanda egin gabeko lehergailuak egoteko arriskua dagoela eta, ezin izan dituztela erreskatatu esan du. Utoyan ere gehiago izan daitezke hildakoak, tiroetatik ihesi uretara salto egin zutelako hainbat lagunek.
Bi erasoekin zerikusia duelakoan, 32 urteko norvegiar bat atxilotu du Poliziak, Anders Behring Breivik izenekoa. Erasoetan jende gehiagok parte hartu izana ere ez du baztertzen. Eskuin muturrarekin lotu dute Behring. Atzo, haren etxea miatu zuten. Nekazaritza produktuak saltzen dituen Felleskjoepet Agri enpresak Poliziari jakinarazi dio Behringek sei tona ongarri erosi zituela maiatzaren 4an. Lehergaiak egiteko ere balio du material horrek. Atxilotuak etxalde bat duenez, enpresa ez zuen harritu eskaerak.
Poliziaz jantzita egin zuen tiro erasotzaileak Utoya irlan. Alderdi Laboristako gazteak kanpaldia ari ziren egiten han, eta 560 lagun inguru zeuden, tartean 15-16 urte bitarteko nerabeak. Bizirik ateratzea lortu zuten hainbatek gertatutakoa kontatu diete komunikabideei. «Ni eta beste bi lagun lurrean etzan ginen, buruz gora, eta gorpuak jarri genituen gainean. Hilda geunden itxurak egin genituen, eta horregatik salbatu gara», zioen Adrian Pracon 21 urteko gazteak. Ospitalean egin zion elkarrizketa CNN kateak.
15:30 inguruan izan zen Osloko leherketa. Kanpalekuaren antolatzaileak han gertatutakoaren berri ari ziren ematen gazteei, uharteko eraikin nagusiko gela batean. 15:30 aldera poliziaz jantzitako gizonezko bat iritsi zen, ustez Behring. Bilera egiten ari ziren lekura joan zen, eta, Praconen arabera, orduan hasi zen jendea tirokatzen. Ordu eta erdian irla zeharkatu zuen, «mantso, korrikarik egin gabe».
Irlatik kostara artean kilometro bateko distantzia dago. Lekukoen arabera, askok eta askok, ihesean, uretara salto egin zuten, baina ura hotzegi zegoelako eta oinetakoen eta arropen eraginez igeri egitea zaila zelako, itzuli egin behar izan zuten batzuek. Beste batzuk zuhaitzetara igo ziren edo haien atzean ezkutatu. Guztiei jarraitu zien erasotzaileak. Bi aldiz egiten zuela tiro azaldu dute han zeudenek, aurrena pistola batekin eta gero eskopeta moduko batekin, hil egiten zirela ziurtatzeko. Emilie Bersaas gaztea ere Utoyan zegoen herenegun. «Ohe baten azpian sartu nintzen, eta han egon nintzen bi orduan. Gertatutakoak ez dirudi erreala, gutxiago Norvegian», zioen. 19:00ak inguruan iritsi ziren benetako poliziak, baina jendea ez zen fio, haiek ere erasotzaileak izan zitezkeela uste zutelako.
Osloko eztanda bertatik bertara ikusi zuenik ere izan zen. «Hasieratik nekien atentatu bat zela. Beiruten eta Jerusalemen lan egin dut berriemaile moduan, eta halako hotsak nahastezinak dira», adierazi duEinar Hagvaag Norvegiako Dagbladet egunkariko kazetariak. «Inoiz ez dut ikusi norvegiar soldadurik Osloko kaleetan. Guretzat hau pentsaezina zen», gaineratu du.
Gaitzespena nazioartetik
Norvegiako Harald erregearen arabera, «neurrigabeko tragedia» da herenegun herrialdean gertatutakoa. «Momentu hauetan garrantzitsua da elkartuta mantentzea», azaldu du. Nazioarteak ere gaitzetsi du gertatutakoa. Europako ia herrialde guztiek atera dute oharren bat hildakoen senideei elkartasuna erakutsi eta erasoak salatuz. Europako Batasunaren izenean, Jose Luis Durao Barroso bozeramaileak hitz egin du, besteak beste. «Norvegia beti lotzen da bakearekin, bai herrialdean bertan bai atzerrian bakea lortzeko esfortzu handia egiten duelako», esan du. Gogoratu behar da Bakearen Nobel Sariaren banaketa ekitaldia urtero Osloko udaletxean egiten dela.
Barack Obama AEBetako presidenteak ere hitz egin du. «Nazioarteak halako erasoak saihesteko elkarrekin lan egiteko interesa duela oroitarazten digu». Txina, Japonia, Errusia, Australia, Afganistan eta Egiptoko gobernuak, Arabiar Liga eta Palestinako Al Fata alderdiko gaztedia izan dira gertaerak salatu dituzten beste batzuk.
Eusko Jaurlaritzak ere erakutsi dio elkartasuna. «Arrazoirik gabeko indarkeria terroristak ez garamatza inora, mina eta heriotza soilik eragiten du», esan du Iñaki Arriola sailburuak.
Norvegiako erasoak
Norvegia, izutik dolura
Hildakoak 92 dira oraingoz; Poliziak baieztatu du Oslon eta Utoya uharteko uretan gorpu gehiago daudelaErasoetan parte hartu duelakoan, Anders Behring 32 urteko norvegiarra atxilotu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu