Norvegiak gogoan izan ditu biktima guztiak

Astebete da Osloko eta Utoyako erasoetatik; Poliziak gorpu guztiak identifikatu ditu, eta lehen hileta ospatu dute

2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Astebete da Anders Behring Breivikek Norvegian eraso bikoitza egin zuela, eta Oslok gogoan eduki nahi izan ditu biktimak. Hala,hiriburuko katedralaren aurrean bildu ziren atzo ehunka lagun, leherketaren ordu berean, 14:26an. Hirian zehar, berriz, lorez bete dituzte txoko guztiak. «Loreen bitartez adierazten dugu gure mina. Gure mezua helarazten dute, ez dugula gertatutakoa ahaztuko eta itxaropentsu jarraitzen dugula», esan du hara joandako gazte batek.

Jens Stoltenberg lehen ministroa ere izan da biktimen omenaldian, eta ostiraleko erasoa «demokraziaren aurkako atentatua» izan zela nabarmendu du; «baina guk maitasunarekin erantzungo diogu gorrotoari».

Breivikek, berriz, bigarren aldiz erantzun behar izan die Poliziaren galderei. Datorren urtera arte ez dute epaituko, baina, poliziaren arabera, aurkitzen ari diren datuei buruzko galdeketa izan da, ikerketarekin aurrera jarraitu ahal izateko. Breivikek bere burua entregatu zuen erasoaren egun berean, erresistentziarik gabe. Poliziak hari tiro egiteko agindua zuen, baina, gorputzean lehergailurik ez zeramala ziurtatu ondoren, atxilotu egin zuten. Osloko lehergailua berak jarri zuela aitortu zuen —zortzi lagun hil ziren han—, eta Utoya uhartean 68 lagun tiroz hil izana ere bere gain hartu zuen.

Poliziak adierazi duenez, datorren astean hasiko dira bi psikiatra Breiviken egoera mentala aztertzen. Azaroaren 1a baino lehen esan beharko dute epaitzeko moduan dagoen ala ez.

Guztira 77 gorpu aurkitu ditu Poliziak —azkena atzo hil zen ospitalean—, eta denak identifikatu ditu.«Desagertutakoen eta hildakoen kopurua bat datoz», adierazi du Johan Frediksen polizia arduradunetako batek; «orain, lanean ari gara senitarteko guztiei berria emateko». Hala, familiari jakinarazi ahala joango dira hildakoen izen abizenak, adina eta bizilekua publikoki argitaratzen.

Lehenengo hileta, hemezortzi urteko Bano Rashid gaztearena, atzo bertan egin zuten, Osloko hegoaldean.

Beste asmo batzuk zituen

Breiviki ez zitzaion dena nahi bezala atera joan den ostiralean, haren abokatuaren arabera. Geir Lippestadek adierazi duenez, Breivikek pentsaturik zuena gobernuaren eraikinari eta Utoya uharteko gazteei eraso egitea baino areago zihoan. Beste bi eraikinetan lehergailuak jartzeko asmoa zuen Breivikek, baina abokatuak esan nahi izan ez dituen hainbat gertakarik galarazi egin zioten bere helburua betetzea.

Breivikek hasiera batetik esan zuen berak bakarrik pentsatu eta aurrera eraman zuela aurreko ostiraleko erasoaldia. Geroago beste bi zelularen laguntza izan zuela esan bazuen ere, Jane Kristiansen Norvegiako zerbitzu sekretuen buruak adierazi du ez dagoela Breivikek laguntza izan zuela pentsatzeko moduko zantzurik; «hamabi urte pasa ditu erasoa antolatzen, eta oso zorrotza izan da. Beharrezko materiala kantitate txikitan erosten zuen Interneten bidez. Dena legearen barruan egin du, beraz, uste dut posible dela bakarrik jardun izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.