Norvegiako Gobernuak Poliziaren jarduera babestu du; justizia ministro Knut Storbergetek esan du Poliziak erasoen aurrean izandako jarrera "ezin hobea" izan dela. Poliziak kritikak jaso ditu erantzun mantxoa eta koordionaziorik gabea emateagatik.
Poliziaren zuzendaritzarekin elkartu ostean, justizia ministroak egindako lan "ezin hobea" eskertu die poliziei eta Oslo eta Utoyako erasoen ondoren segurtasuna eta normaltasuna ezartzeko egindako ahaleginak goraipatu ditu.
Dena den, Storbergetek ez du baztertu poliziaren jardunbidea aztertuko duen ikerketa bat abiaraztea. "Oso garrantzitsua da hurbiltze ireki eta kritiko bat izatea... baina gauza bakoitzari momentu bat dagokio".
Polizia Anders Behring Breivik atxilotuari gizateriaren aurkako krimenak egozteko aukera aztertzen ari da. Norvegiako zigor kodeak gehienez ere 21 urtetako kartzela zigorra aurreikusten du; gizateriaren aurkako krimenengatik kondenatua bada, ordea, zigor hori 30 urtetara igotzen da.
Poliziak uste du Breivikek bakarrik egin zituela Osloko eta Utoyako erasoak, baina ez du laguntza izan zezakeela dioen hipotesia erabat baztertzen oraindik. Breiviken defentsak, erasotzailea "burutik eginda" dagoela argudiatuko du.