Norvegiako lehen ministroak ohartarazi du erasoek ez dituztela «kikilduko»

Sarraskia ikertuko duen batzorde independente bat eratuko dutela iragarri du Jens Stoltenbergek

Maite Alustiza.
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Erasoek ez dutela herrialdea kikilduko. Hala esan zuen Jens Stoltenberg Norvegiako lehen ministroak atzo egindako agerraldian. «Norvegiaren oinarrizko balioen aurkako erasoa izan da, eta gizarteak sendo jarraituko du bere baloreak defendatzen». Sarraskia gertatu ondoren ere, orain arte jarraitutako bideari eutsiko diotela adierazi zuen, «askatasuna, irekitasuna, tolerantzia eta demokrazia defendatuz». Erasoak ikertuko dituen batzorde independente bat sortuko dutela iragarri zuen, alderdi politiko guztien adostasunarekin.

Herrialdeak dituen lehentasunez eta erronkez ere hitz egin zuen Stoltenbergek. «Tristezia eta itxaropenaren artean bide bat aurkitzea da Norvegiaren erronka». Horrekin batera, premiazkoena elkarri kontsolatzea eta «tragedia nazional» horretatik altxatzea dela azpimarratu zuen. Laguntza eskaini dieten guztiei eskerrak eman ondoren, mezu itxaropentsua zabaldu zuen lehen ministroak. Politikan gehiago parte hartzeko deia egin zuen, baita demokraziarekiko konpromiso handiagoa izatera ere. Utoyako irla ere izan zuen hizpide, «herrialdeko talentu politiko onenen harrobia» dela esanez. 1976tik urtero bisitatu du irla Stoltenbergek, eta etorkizunean ere hala izatea espero du. «Irla birkonkistatuko dugu gure gazteentzat».

Erasoen ikerketaren inguruan ez zuen baloraziorik egin nahi izan. Hala ere, Poliziak ikerketa amaitu eta biktimei lagundu ondoren, segurtasun indarrek izan zuten jokabidea ikertuko dute.Atxiloketan parte hartu zuen Jacob Baertnes agenteak atzo jakinarazi zuenez, Breivik Poliziara entregatu zen, armarik gabe eta eskuak goian zituela.

Knut Storberget Justizia ministroak heroitzat hartu ditu Utoya irlara joan ziren agenteak. Haren iritziz, «ezin hobea» izan zen haien jokabidea, eta egoera korapilatsu batean kontrola berreskuratzen lagundu zuten. «Norvegiak harro egon behar du segurtasun indar bereziez eta haiek lan egin zuten moduaz». Jaso dituzten kritiken aurrean esker ona eta sostengua ematen die Storbergetek.

Poliziari kritikak

Janne Kristiansen Norvegiako inteligentzia zerbitzuen zuzendaria kasua ikertzen dabil. Breivik eskuin muturrekoekin lotzen duen froga ziurrik ez dutela topatu adierazi du. «Ez daukagu zantzurik mugimendu baten parte izan dela esateko; ez beste zelula batzuekin harremanetan egon zela, ezta beste zelula batzuk daudela ere». Hala ere, laguntzailerik izan ote zuen ikertzen ari dira.

Poliziak erasoen aurrean izan zuen jokabideak kritika asko jaso ditu azken egunetan. Utoya irlako tiroketaz abisu eman zutenetik ordubete igaro zen segurtasun indarrak iritsi arte. Helikopteroa erabilgarri ez zegoenez, errepidez eta txalupaz egin behar izan zuten hara heltzeko bidea. NKR telebista kateak atzo azaldu zuenez, poliziaren txosten batek dio helikopteroa ezin izan zela erabili azken urteetan izandako murrizketa ekonomikoengatik. Anstein Gjengedal agentea aurrekontuez arduratzen da, eta NKR kateari adierazi zionez, «egun ez dugu lehen genuen ahalmena». Helikopteroaren erabileraren inguruan piztutako eztabaida «lekuz kanpokoa» dela azaldu du Johan Fredriksenek, Poliziaren operazio arduradunak. Gainera, helikopteroa erabili zela dio, biktimak bilatzeko izan bazen ere.

Europako Batasuneko eta Norvegiako segurtasun arloko hainbat eragile gaur elkartuko dira Bruselan, ohiz kanpokoa izan den bilera batean. Erabakiak hartzeko baino, EBko kide diren herrialdeetako inteligentzia zerbitzuen eta Norvegiakoen arteko lankidetza izango dute aztergai.

Breiviken abisua

Osloko erdigunean jarritako bonbak eztanda egin baino ordubete lehenago bere asmoen berri eman zien Breivikek mila lagun ingururi. Email bat bidali zien hark idatzitako eskuizkribuarekin. Erasoa gertatu zen agertokiaren inguruan ez zuen informaziorik eman, bai ordea, erasoaren ondoren gertatuko zenaz. Breivikek idatzi zuenez, bere atxiloketaren ondoren espetxetik ihes egiten saiatuko da, bigarren eraso bat egiteko.

Testuarekin batera, YouTube atarian jarritako bideo baten esteka eta honako hitzok bidali zituen: «Zuretzako oparia da; ezagutzen duzun jende guztiaren artean bana ezazu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.