Mundua

Norvegiako zenbait preso hasi dira Herbehereetan espetxe zigorra betetzen

Bi herrialdeek akordioa egin dute eta ziegak alokatuko dituzte. Zigorra euren jatorriko lekuetatik hain urrun betetzeak (hamahiru orduko bidaia autoz) oinarrizko eskubideak urratzen dituela salatu dute presoen senideen elkarteek.

Espetxe funtzionarioak, Norgerhavengo kartzelan. CATRINUS VAN DER VEEN, EFE
2015eko irailaren 1a
12:02
Entzun

Norvegiako espetxeak beteta daude. Herbehereetan, berriz, lekua dute soberan. Hori oinarri, bi herrialdeek presoak batetik bestera eramateko akordio bat egin dute, eta jada iritsi dira Norgerhaven Herbehereetako espetxera lehen preso norvegiarrak. The Guardian egunkariak bere atarian AFPko iturriak erabiliz argitaratu duenez, jada iritsi dira lehen presoak Herbehereetako espetxe horretara. Gehienak boluntario joan dira zigorra betetzera Norgerhavenera, baina presoen senideak e

Herbehereetan 9.000 preso dituzte eta 11.000rentzako lekua dute. Norvegian, berriz, milatik gora preso daude espetxean sartu eta zigorra betetzeko zain. Ziegak alokatzeko akordioa egin dute bi herrialdeek horregatik. Akordioaren ondorioz, gainera, espetxeko zuzendaria norvegiarra izango da; ez, ordea, gainontzeko funtzionarioak, Herbehereek hala eskatuta, "lanpostuak mantentzeko". Ofizialki asteazkenean emango dizkio espetxeko giltzak Herbehereetako Justizia ministroak Norvegiakoari.

112 preso izango dira oraingoz zigorra Herbehereetan beteko duten preso norvegiarrak. Horietatik 79 boluntarioak dira. Besteei, ordea, ez diete aukerarik eman. Guztira 242 presok beteko dute zigorra Norgerhavenen. Norvegian presoen familien ordezkarien elkarteak akordioa salatu du, urruntzeak dakartzan ondorioengatik. "Zigorra etxetik hain urrun betetzeak bergizarteratzeko aukerarentzat eta familiek bisitatzeko dituzten aukerentzat kaltegarria izango da", esan dio AFPri Hanne Hamsund elkarte horretako presidenteak.

Akordioaren babesleek diote espetxe horren eta Osloren artean ez dagoela hiruburuaren eta iparraldearen artean dagoen distantzia baino handiagoa. Senideek argudiatu dute, baina, preso guztiak ez direla hegoaldekoak, eta neurriak behartzen dituela lehenik hiruburura joatera eta gero Herbehereetara. Oslo eta espetxearen artean milatik gora kilometro daude, ferry bat hartzera daude senideak eta Danimarka eta Alemania zeharkatu beharko lituzteke errepidez egin nahi badute bidaia. 500 euroko gastua suposatuko diela azaldu du.

Herbehereek lehenago ere alkilatu izan ditu ziegak beste herrialde bateko presoak hartzeko. 2010etik Tilburgeko espetxean Belgikako 550 preso ari dira zigorra betetzen. Norvegiako presoak hartzeko jarri dituen baldintzen artean daude zigor luzea duten presoak izatea Norgerhavenera doazenak, ez izatea segurtasun nazionalerako arriskutsuak eta ihes egiten saiatu ez direnak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.