Norvegian beste lau urtez egongo da agintean zentro-ezkerreko koalizioa

Jens Stoltenberg lehen ministroaren inguruko blokeak 86 diputatu eskuratu ditu bozetan, eta oposizioak 83

2009ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Norvegian beste lau urtez egongo da agintean zentro-ezkerreko koalizioa, Legebiltzarrerako igandeko hauteskundeak irabazi ondoren. Zehazki, 86 jarleku lortu ditu Norvegiako Alderdi Laboristak (AP), Ezker Sozialistak (SV) eta Zentroko Alderdiak (SP) osatzen duten gobernu koalizioak, orain artean zituenak baino bat gutxiago. Hala ere, oposizioak baino hiru legebiltzarkide gehiago izango dituzte. Izan ere, 83 jarleku eskuratu dituzte eskuindarren taldeak, kontserbadoreek (H), Alderdi Demokrata Kristauak (KRF) eta liberalek (V) eratutako aliantzak, Aurrerakuntzarako Alderdiarekin (FRP) batera osatutakoak.

Bozkatzera deitu zituzten 3,5 milioi norvegiarretatik %73,8k eman du botoa, eta lehia estua izan da. Zentro-ezkerreko blokean, eta oro har Norvegiako indar politikoguztien artean, Jens Stoltenberg jarduneko lehen ministroaren AP Alderdi Laboristak bildu ditu boto gehienak. Beraz, APk 64 diputatu izango ditu Legebiltzarrean. Haren atzetik, oposizioko FRP alderdi populistak izango ditu eserleku gehien; 41, hain zuzen. Storting-en (Norvegiako Legebiltzarra) ordezkariak izango dituzten beste alderdieidagokienez, kontserbadoreek 30jarleku edukiko dituzte, SVketa SPk hamaikana, KRFk hamar eta liberalek bi. Azken alderdi horrek jaso du porrotik larriena, zortzi legebiltzarkide galdu baititu. Datozen lau urteetan, Storting-eko diputatuetatik %39 emakumeak izango dira.

'Estatu probidentzialari' eutsi

Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak kanpainan erabili zuen lelo entzutetsua kopiatuta, laboristek Jens, vi kaen (Jens, egin dezakegu) mezua zabaldu dute lau haizetara. Lehia estuak zalantzan jarri badu ere, agerian utzi nahi zuten norvegiarrek lehen ministroak sustatu duen ongizatearen estatuari eutsiko ziotela. Izan ere, herrialde guztiz aberatsa da Norvegia; munduko petrolio eta gas ekoizleen artean bosgarren lekuan dago.

Ekonomiaren egoera osasuntsuak -langabezia tasa %3koa baino ez da, Europako txikiena - aukera eman dio Norvegiari mundua aztoratzen ari den eta hainbat herrialde kinka larrian jarri dituen finantza krisiari lasai aurre egiteko. Oso bizi kalitate handia dute norvegiarrek, baina ordainetan halakoxeak dira zergak ere.

Hain zuzen, zergak gutxitzea eta enpresa publiko andana pribatizatzea zen eskuineko koalizioaren gobernu programaren ardatz nagusia.Proposamenokin zentro-ezkerreko koaliziokideei hautesle ugari kentzea espero zuten. Baina barne zatiketek kalte handia eragin diete. FRP alderdi populistak plazaratutako jarrerek dute eztabaida piztu, eta ezadostasunak sortu dituzte oposizioko blokean.

Siv Jensen FRPko hautagaiak immigrazioaren eta etorkinen kontrako adierazpen dorpeak egin izan ditu hauteskunde kanpainan, baita aurretik ere. Hala, FRPk azaldu du Norvegia «isilpeko islamizazioa» pairatzen ari dela. Era berean, Norvegian bizi diren etorkin afrikarrak jaioterrira itzultzea proposatu dute.

Muturreko jarrera horiek Liberalen eta Alderdi Demokrata Kristauaren kexak eragin zituzten, eta bi alderdiek argi azaldu zuten, irabazita ere, ez zutelaFRPrekin gobernu aliantzarik egingo. Kontserbadoreen presidenteErna Solbergek, aitzitik,jakinarazi zuen eskuin populistekin aliantza egiteko prest zegoela.Bozen emaitzak jakitean, Solbergek adierazi du: «Hobe izango zen guztientzat besteek ere [Liberalek eta Alderdi Demokrata Kristauak] gure jarrera irekia aukeratu izan bazuten». Margaret Thatcherren gisako politikari moduan saldu du bere burua Solbergek.

Anartean, zentro-ezkerrak irabazi du. Lehen aldia da, 1993tik, agintean daudenek Norvegiako Legebiltzarrerako bozetan gailentzen direna. Kanpainan gehien eztabaidatu diren gaiak hauek izan dira: Artikoko beste zenbait eremutan petrolioa bilatzen hasi edo ez eta Europako Batasuneko kide egiteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.