NTCk «era baketsuan» utziko dio bihar boterea Libiako Kongresuari

Gobernu berria osatzea eta konstituzio berria idaztea dira Kontseilu Nazional Nagusiaren lehen betebeharrak

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Libiako behin-behineko gobernuko ordezkariek adierazi dute bihar utziko dutela boterea Kontseilu Nazional Nagusiaren esku. NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko bozeramaile Saleh Darhoubek ziurtatu du abuztuaren 8an boterea «era baketsuan» transferituko dela. Muammar Gaddafi agintetik kanporatu ostean, uztailaren 7ko hauteskundeetan erabaki zuten Libiako herritarrek Kongresuaren egitura.

Joan den astean baieztatu zituen bozetako emaitzak Hauteskunde Batzordeak. NFA Indar Nazionalen Aliantzako Mahmoud Jibril izan da garailea, eta haren taldearentzat izango dira alderdiei dagozkien Kongresuko 80 aulkietatik 39. Anaia Musulmanen Justizia eta Eraikuntza alderdiak, berriz, hamazazpi eserleku erdietsi ditu. Horiek ez ezik, beste 200 hautagai independentek osatzen dute Kongresua. Horiek guztiak arduratuko dira bihar,NTCren eskutik boterea jasotzen dutenean, Libiako Gobernu Berria osatzeaz eta konstituzio berria egiteko bozetara deitzeaz.

NTCk boterea «modu baketsuan» transferituko dela adierazi badu ere, erasoak izan dira azken egunotan Libian. CICR Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak herrialdean egiten ari zen operazioa eten du, Misratan duen egoitzaren aurka oposizioko taldeek igandean egindako erasoaren ondoren. Bestalde, igandean bertan segurtasun indarrek hiru lagun hil zituzten Tripoli hegoaldeko Aziziya herrian. Darhoubek adierazi duenez, «armak eta lehergailuak» zeramatzaten hil zituztenean, eta porrot egindako zazpi bonba erasoren erantzule egin dituzte.

«1949tik zilegi»

Behin-behineko gobernuak erakunde zibil modura onartu du Anaia Musulmanak taldea. Erakundeak joan den maiatzean egin zuen eskaera, Kultura eta Gizarte Zibileko Ministerioan. Jadanik komunitatearen zerbitzurako eta kontzientziazio publikorako talde izendatu dute. Anaia Musulmanen Libiako idazkari nagusi Bashir Kibatik adierazi du taldearen zilegitasuna ez dela oraingoa, 1949tik herrialdean «lanean» aritu direlako. Gaddafik halako taldeak debekatzeko legeak ezarri zituen bere agintaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.