Egiptoko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Nubiarrek ere eman dute botoa

Atzo eta gaur, beste bederatzi probintziatan egiten ari dira Egiptoko Parlamenturako bozak; besteak beste, Asuanen; han bizi da nubiar komunitatearen zati bat, 70eko hamarkadan beren lurretatik bota zituztenetik.

Asuan
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Hasan Abd al Hafez pixka bat nahastuta iritsi da bozkalekura, ez dakielako oso ondo zer egin behar duen. Bat-batean, lagun batekin hasi da hizketan —hemen denek ezagutzen baitute elkar—, eta, gero, bozkalekuaren parean dauden laguntza mahaietako batera jo du, zuhaitz baten itzalera. Han, hautesle erroldaren zerrenda dauka gizon batek, eta zein gelatan bozkatu behar duen esan dio Hasani, baita Nur alderdi salafistaren aldeko botoa emateko ere —islam ultrakontserbadorearen aldekoei, alegia—. Hasan Mendebaldeko Asuanen bizi da: Egiptoko hegoaldeko hiri ospetsuaren eta Nilo ibaiaren mendebaldean dagoen kokaleku nubiar batean, alegia.

Bozkalekura bidean, beste lagun batek geldiarazi du Hasan, eta gogorarazi dio lehenengo hautagaiaren laukitxoa markatu behar duela, Anaia Musulmanen Justizia eta Askatasunaren alderdiari dagokiona, hain zuzen. Hauteslekuaren segurtasuna kontrolatzen ari diren lau soldaduengandik hiru metro eskasera gertatu da hori; dirudienez, haiek ez dute ikusi ezta entzun ere egin nahi herritarrei botoa eman aurretik egindako presioa.

Hasan bozkalekura sartu da, libre azkenean, eta berak nahi duenaren alde bozkatu du. «Anaiei eman diet botoa, zuzen egiten dutelako aurrera, duda-mudarik gabe», azaldu du Hasanek. Haatik, Hasanek ez daki askorik hauteskunde programari buruz, eta aurkeztu diren 52 alderdietatik lauren berri baino ez dauka. «Dena den, nubiarroi ez zaizkigu asko axola hauteskunde hauek», gaineratu du. Asuango eskualde nubiarrean dagoen hotel bakarrean lan egiten du Hasanek, sukaldari.

Beste batzuekin batera, Jalal Abd el Halil ere bere laguntza eskaintzeko dago bozkalekuaren aurrean; haren esanetan, «jendeak den-dena daki hauteskundeen inguruan, hautagaiak etxez etxe joan baitira familiekin hitz egitera». Ez du argitu, ordea, hori ez dela egia; izan ere, herrialdean ondo finkatuta dauden alderdirik indartsuenek baino ez dute hori egin: islamistek, alegia. Jalalek uste du jende gehiena ez dela bozkatzera joango «nubiarrek lasai egon eta beren lurretara itzuli besterik» ez dutelako nahi; gainera, esan du jende asko «beldur» dela oraindik, «uste baitute Poliziak gogor hartuko dituela politikaz hitz eginez gero».

Lurrak presaren uretan

Nubiarren kokalekua 15 kilometro luze da, eta 22.000 pertsona bizi dira han. Lasai-lasaia da hango bizimodua, eta honako hauetan oinarritzen da haien ekonomia: ibaiertzeko lurra lantzen dute; turistentzako faluka bidaiak (belaontziak) eta gamelu ibilaldiak antolatzen dituzte; eta animaliak hazten dituzte. Herritarrek lekuz aldatu behar izan zuten Asuango presa handia eraiki zutenean, haien arbasoen lurrak urez estali baitzituzten. 1970ean bukatu zuten presa eraikitzen, eta, orduan, nubiarren %25 gelditu ziren Egipton; gainerakoek, berriz, Sudango iparraldera jo zuten. Egipton geratu zirenek, bereizita, uste dute bigarren mailako herritar gisa tratatzen dituztela oro har, eta ez dutela jasotzen turismoak dakartzan onuren zati txiki bat baino.

Basam Bustaui 23 urteko gazte bat da, eta hiru laketontzi ditu. Esan duenez, bozkatu egingo du, baina, berak nahi duelako baino gehiago, bere lagun Ali eta haren anaia botoa ematera joango direlako joango omen da bera ere. Adierazi duenez, «lehenik, nubiar bat hautatu behar da, eta gero, zer programa duen ikusi». Basamen ustez, arazorik handiena da nubiarrak hainbat hauteskunde barrutitan banatuta daudela; horren ondorioz, zaila izaten da jendeak haien ordezkariak hautatzea —independente modura aurkezten dira—. «Aurreko gobernuak bereizi egin gintuen arazorik ez izateko, baina guk elkarrekin egon nahi dugu, eta gure lurretara itzuli, aintziraren ertzera [Asuango presak estali zuen Naser aintzira]».

Denek ez dute hitz egiten beren lurretara edo, bestela, lakuaren ertzera itzultzeaz, baina nabaria da nubiarrak baztertuta sentitzen direla. Azal beltza dute, eta beren hizkuntza propioak dituzte. «Gure lurretatik bota gintuztenean, Naserrek esan zigun heroiak ginela eta guri esker herrialde osora iritsiko zela elektrizitatea, baina ez zuten bete agindutakoa; ez genuen laguntzarik jaso, eta ironikoa da: elektrizitatea garestiago ordaintzen dugu hemen Kairon baino», azaldu du Basamek. Berak, beste askok bezala, ez du nahi egiptoarrak nubiarren bizitzan sar daitezen. Nubiarrena da Egipto berrian konpontzeko dauden gatazketako bat, Sinaiko penintsulako beduinoenarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.