IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak txalotu egin du Teheranek nazioarteko begiraleei ateak ireki izana, eta aurrerapauso handia izan dela nabarmendu du. Baina, aldi berean, nuklearrarekin lotutako hainbat galdera erantzun ez izana gaitzetsi du nazioarteko erakundeak. Nazio Batuen Erakundearen aurrean eman ditu azalpen horiek IAEAko buru Mohamed el Baradeik. Haren txostenean oinarrituko da NBEren Segurtasun Kontseilua Iranen aurkako neurriak hartuko dituen erabakitzeko. Izan ere, herrialdeari ezarritako zigorrak gogortzea proposatu dute Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak.
Irango ordezkari Said Jaliliren esanetan, aldiz, IAEAren txostenak erakusten du Teheranek betetzen dituela nazioarteak jarritako baldintzak, eta beraz, NBEk zigorrak indargabetu behar ditu. «Txostenak frogatzen du beste behin ere Irango Gobernuak egia esaten duela, eta gure programa nuklearra baketsua dela».
Nuklearren auzian Iranek galderei erantzun ez izana gaitzetsi du IAEAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu