Apirilaren 9a Teknologia Nuklearraren Egun Nazionala da Iranen, egun berean duela hiru urte uranioa aberasten hasi zirelako Natanzeko zentralean. Eta egun bera baliatu zuen atzo Mahmud Ahmadinejad presidenteak Isfahango zentrala inauguratzeko. Han uranio oxidoa ekoitziko dute, 2010erako martxan jarri nahi duten erreaktorerako. Nazioarteak mesfidantzaz begiratzen dio Iranen programa nuklearrari, hemezortzi urtez ezkutuan eduki baitzuen, eta orain beldur dira ez ote duen arma nuklearrak garatzeko asmoa. Horiek hala, estatuburuak eskua luzatu nahi izan zion Mendebaldeari, esanez programaz hitz egiteko egindako gonbita onartzeko prest dagoela. Baldintzekin, ordea. «Iran hasieratik egon da eskubideen errespetuan eta justizian oinarritutako elkarrizketen alde. Baina alde bakarreko negoziazioak, baldintzatuak, mehatxuz betetako giroan egindakoak ez dira pertsona aske batek onartuko lituzkeenak», ohartarazi du Ahmadinejadek. Hala, gogorarazi dio Mendebaldeari Teheranek baduela energia nuklearra garatzeko eskubidea, eta ez diola horri uko egingo.
Duela gutxi arte, AEBek bultzatu dituzte NBEko Segurtasun Kontseiluan Iranen kontrako neurriak, eta bien arteko harremanak hoztu egin ziren. Barack Obama Etxe Zurira heldu denetik, baina, egoera hobetuz joan da. Orain, auzi nuklearrari buruzko zuzeneko elkarrizketetan parte hartzeko prest agertu dira Estatu Batuak. «Iranek arma nuklearra lortzeko ahaleginak alde batera uztea da guretzat garrantzitsuena», adierazi du AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek. Elkarrizketa horietan beste bost herrialdek ere hartuko lukete parte: Erresuma Batuak, Txinak, Frantziak, Errusiak eta Alemaniak.
Ez da nazioartea Iranen programa nuklearra eteten saiatu den lehen aldia. Aurretik ere eskaintza bat baino gehiago egin dizkiote uranioa aberasteari utz diezaion, baina Teheranek atzera bota ditu guztiak, argudiatuz argindarra ekoizteko beharrezkoa duela energia nuklearra, eta baduela horretarako eskubidea.
Teknologia berria
Irango programa nuklearraren arduradun Golam Reza Agazadek jakinarazi du, bestalde, dagoeneko 7.000 zentrifugagailu dituztela martxan, joan den otsailean baino mila gehiago. Horretaz gain, bi makina berri arrakastaz probatu dituztela iragarri du Ahmadinejadek. «Urratsak egin ditugu erregaia bildu eta hura erreaktoreetara bidaltzeko prozesuan, eta arrakastaz probatu ditugu ahalmen handiagoa duten bi zentrifugagailu berri. Iranen garapenerako trena azkar eta bide onean doa».
Estatuburuak nazioartearen jarrerari egozten dio orain arteko elkarrizketen porrota. «Gure ekintza baketsuak eteteko eskatzen dute behin eta berriz, irandarrek onartuko ez dutena inposatzen ahalegindu dira». Aurreko aldietan, Europako Batasunak teknologia berria lortzeko erraztasunak eskaini zizkion Teherani programa etetearen truke. Baina Irango presidenteak herrialdean erabiltzen duten energia bertan ekoiztea nahi du.
Aspalditik datorren eztabaida
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak 2003an salatu zuen Iranek hemezortzi urte zeramatzala programa nuklearra garatzen. Hiru urte geroago, ordea, egoerak okerrera egin zuen, IAEAk Teheran NBEko Segurtasun Kontseilura eramanda. Hark zigortu egin zuen herrialdea, eta hainbat buruzagiri Mendebaldera bidaiatzea debekatu zien. Horretaz gain, AEBek terroristen zerrenda beltzean sartu zituzten Guardia Iraultzaileko kideak, Teheranen amorragarri.
Aurtengo otsailean, Energia Nuklearrerako Nazioarteko Agentziak salatu zuen uranioa aberasten jarraitzen zuela Iranek, Segurtasun Kontseiluaren ebazpenei kasu egin gabe. Erakundearen arabera, uste zen baino uranio gehiago zegoen biltegietan, mila kilo inguru denera. Adituen ustez, hori nahikoa litzateke arma nuklear bat egiteko. Hala ere, IAEAk zehaztu zuen uranioa ez zegoela nahikoa aberastua arma bat egiteko.
Dena den, Iran ez dago bakarrik programa nuklearraren defentsan. Lerrokatu Gabekoen Mugimenduak sostengua agertu zion iazko uztailean, helburu zibiletarako programa nuklearra garatzeko eskubidea bazuela nabarmenduta. Irango Gobernuak garaipentzat jo zuen mugimenduaren sostengua.
Nuklearren auziaz hitz egiteko nazioartearen gonbita onartu du Iranek
Uranioa aberasteko ahalmen handiagoko bi zentrifugagailurekin egindako probek arrakasta izan dutela iragarri du Teheranek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu