Bilera historikotzat dute adituek Dmitri Medvedev Errusiako presidentearen eta Obamaren arteko bilera. Presidente kargua denetik, izan ere, lehen aldia da Obamak Errusiara bidaiatzen duena. Bere aurrekoaren zama bizkar gainean duela egin du; George Bushen agintaldian Errusiaren eta AEBen arteko harremanak nabarmen hoztu baitziren. Hala, aro hori gainditu eta berri bati ekiteko asmoz, hurbilpen keinuz beteriko bidaia izaten ari da Obamarena. Eta laburra; gaur amaituko baitu Moskuko egonaldia, Vladimir Putin Errusiako lehen ministroarekin eta Mikhail Gorvatxov Sobiet Batasuneko buruzagi ohiarekin bildu ostean.
Urte amaieran sinatuko duten ituna, hamar urtean egongo da indarrean. Horren arabera, 2017rako 1.500 eta 1.675 buru nuklearren artean izan beharko dituzte; gaur egun Errusiak 5.192 ditu eta AEBek 4.075. Bektoreak, berriz, 500 eta 1.100 artean izan beharko dira. Inoizko murrizketa handiena izango da, armategiak heren baino gehiago txikitu beharko baitituzte. Hala, Vladimir Putin eta George Bush presidente zirela bi herrialdeek hartutako konpromisoan haratago joan dira egungo gobernuak. Eraso Arma Estrategikoak Murrizteko Moskuko Tratatuan (2002) aurreikusitako mugak aski erraz beteko dituztela ikusita, izan ere, murrizketa handiagoak egiteko konpromisoa hartu dute denek. 2002ko tratatu hartan, hemendik eta hiru urtera 1.700 eta 2.200 arteko karga nuklearraren muga ezartzen da. Bi potentzia nuklearren armategiak murritzagoak ere izango dira, ordea, zazpi urte barru.
AEBak eta Errusia, batera
«Arma nuklearrik gabeko mundu bat lortzeko dugun lidergoa erakusteko aukera da akordioa. Eta Iranen nahiz Ipar Korearen plan nuklearren aurka mundua mugitzeko saiakeran sinesgarritasuna ematen digu», adierazi du Gary Samore armagintzarako Etxe Zuriak duen aholkulariak. Dena dena, bi potentziek lidertza horri modu eraginkorrean ekitea ez da hain erraza izango.
AEBek Europako ekialdean eta Errusiako mugetatik gertu jarri nahi dituen misilen aurkako ezkutuen auziak, izan ere, gainditu gabeko oztopo da oraindik ere. Washingtonek, Bushen jarrera egoskorra alboratuta, ez du oraindik ezkutuaren gaia erabakitzat jo, hala ere. Eta badirudi horrek Errusia bigundu duela.
Izan ere, bi herrialdeen arteko lankidetza indartu beharraz dihardute orain bi agintariek. «Errusiarekin harreman ezin hobeak landuz joateko aukera izango dugula espero dut», adierazi zuen, hala, Obamak Moskuko aireportura iritsi bezain laster. «AEBek eta Errusiak ezaugarri komun asko dituzte; bereizten dituzten gauzak baino gehiago dira batzen dituztenak, eta datozen egunetan gogor egiten badugu lan, aurrera urrats garrantzitsuak lortu ahalko ditugu». Dmitri Medvedev ere Obamaren uste berekoa da: «Gure herrialdeek hainbat arazo jasaten dituzte, eta batera egin behar diegu aurre».
Norabide bakarra lortzeko xedez, bi herrialdeak aurrez aurre jartzen dituen auziari irtenbide ematen ere ahalegindu da Medvedev, edozelako erasoengandik munduko herrialde guztiei babes hartzea ahalbidetuko dien misilen aurkako ezkutua proposatuz. Dena dela, auzi horrek oraindik airean jarraitzen du.
Lankidetzaren aldeko urratsak agerikoak dira, baina, beste hainbat arlotan. Lankidetza militarrerako akordioa sinatu baitzuten atzo. Halaber, Afganistanen diren soldaduak hornitzeko Errusiako aire eremua erabiltzean adostu ziren.
Armagabetze nuklearrerako tratatuak
1991ko uztailaren 31. George Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Mikhail Gorbatxov Sobiet Batasuneko buruzagiak Arma Estrategikoak Gutxitzeko Hizketaldiak (START-I) sinatu zituzten.1993ko urtarrilaren 3a. START-II izenpetu zuten Errusiak eta AEBek. START-Iekin batera, ordura arte armagabetze nuklearrerako sinatutako akordio garrantzitsuena izan zen. Gerra Hotzari amaiera eman zioten bi tratatu horiekin.
1994ko abenduaren 5a. START-I ituna indarrean sartu zen. Bi potentzia nuklear handienek euren armategiak %30ean murriztu beharko zituztela agintzen zuen.Hamabost urteko epea ezartzen zuen horretarako.
2002ko ekainaren 14a. Errusiak START-II itunetik atera zen, Washingtonek misil balistikoen aurkako tratatua bertan behera uztea erabaki zuelako. AEBek ez dute inoiz START-II ituna berretsi.
2002ko maiatzaren 24a. AEBek eta Errusiak Eraso Arma Estrategikoak Murrizteko Moskuko Tratatua sinatu zuten. Herrialde bakoitzak gehienez 1.700 et 2.200 buru nuklear izateko konpromisoa hartu zuen. Helburu hori erdiesteko 2012ra arteko epea ezarri zuten Kremlinek eta Washingtonek.
Kaukasoko gerraren ostean, AEBen eta Errusiaren arteko harremanak Gerra Hotzeko unerik gogorrenetara egin zuen atzera. Obamak eta Medvedevek beste aro bat hasiko dutela diote adituek.
Erromantizismorik ez
Leire Ventas.Begietara begiratu, eta arima ikusi ahal izan diot». Ezin gardenagoa iruditu zitzaion Vladimir Putin Errusiako presidentea George Bushi. Hala aitortu zien kazetariei 2001eko ekainean, Eslovenian. Errusiako presidentearekin biltzen zen lehen aldia zen, eta «zintzotzat eta fidagarritzat» jo zuen Bushek gobernuburua. Gerra Hotza guztiz ahaztua zirudien.
Bi herrialdeen arteko harreman normalizatu zelako usteak gutxi iraun zuen, baina. Hiru urte, zehazki; 2004ko azaroaren 22ra arte. Ukrainan presidentetzarako bozak egin zituzten orduan, eta Viktor Janukovitxek irabazi zituen. Moskuren hautagai faboritoa zen. Hauteskundeen Auzitegi Gorenak emaitzak jakinarazi bezain pronto,Viktor Justxenko oposizioko liderrak iruzurra salatu zuen. Eta milaka manifestari hemezortzi egunez jarraian atera ziren kalera, laranjaz jantzita -oposizioaren kolorea-, bozen bigarren itzulia errepika zezaten eskatzeko. Nazioarteak babes osoa eskaini zien. Iraultza Laranja izenarekin ezagutzen den protesta haien atzean CIA Inteligentzia Agentzia Zentrala zegoela salatu zuen Putinek. Handik aurrera, gaiztotu baino ez dira egin AEBen eta Errusiaren hartu-emanak.
Misilen kontrako ezkutuak ere ez du tentsioa murrizten lagundu. Polonian hamar misil nuklear eta Txekian halakoen kontrako ezkutu bat ezartzea barne hartzen du ekimen horrek. Proiektuaz hitz egiteko bildu zen Putin AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricekin eta Defentsa idazkari Robert Gatesekin, 2007ko azaroaren 12an, Moskun. Protokoloa hautsi eta estatubatuarrak 40 minutuz zain eduki ondoren,mehatxatu egin zituen: ezkutuarena bertan behera uzten ez bazuten, aurretik sinatutako armagabetzeko akordioak ez zituen aintzat hartuko. «Demokraziari dagokionez inboluzioa izan da Errusian azken urteetan, eta Kremlinek botere gehiegi dauka oraindik ere», ondorioztatu zuen Ricek, bileraren ostean.
Harremana zulo beltzean
Baina iazko abuztuaren 26an jo zuen hondoa Washingtonen eta Moskuren arteko harremanak. Tropa errusiarrek Georgiaren kontra ekin eta independentzia eskuratzen lagundu zieten Hego Osetiari eta Abkhaziari. AEBek arbuiatu egin zuten Errusiaren esku hartzea. Eta Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak, bere aldetik, Gerra Hotzera itzultzeko beldurrik ez zuela adierazi zuen orduan.
Hori hala, harremanaren unerik beltzenak ekarri zituzten gogora adituek. Truman Doktrinaren garaiak, esaterako. Sobiet Batasunaren munduan zeharreko eragina geldiarazteko hainbat neurri hartu zituen Harry Truman presidente estatubatuarrak 1947an. Haren arabera, une haran munduko nazioak bi bloketan sailka zitezkeen: «herri libreak» batetik eta «erregimen totalitarioak» bestetik. Bide beretik, iazko abuztuan misilen krisiak ere ez zirudien hain aspaldiko kontua. Errusiako misil nuklearrak topatu zituzten estatubatuarrek Kuban, 1962an. Gerra nuklearra lehertzekotan izan zen orduan.
«Mikhail Gorbatxoven ondorengo garaiak atzean utzi eta 1984ra itzuli gara berriz», zioen Dmitri Treninek, Carnegi Zentroko zuzendariak, Georgiaren eta Errusiaren arteko gerra gogoratzean, herenegun. Armagabetzearen inguruko negoziazioetarako Sobiet Batasunaren ordezkari izan zen Trenin, 1985etik 1992ra.
Washingtonentzat garai gozoa izan zen Perestroika. Ezin hobeto moldatu ziren Gorbatxov eta RonaldReagan. Eta ordura arte ezinezkoak izan ziren armen inguruko akordioak sinatu zituzten Reykjavikeko bileran (Islandia), 1985eko udan. Harremana «zerotik hasi» zela jaso zuten garaiko hedabideek. Eta emaitza bera iragarri dute oraingoan ere, Barack Obamaren Moskurako bisitaren harira. Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Dmitri Medvedevi begietara begiratu eta arima ikusi ordez, eskua luzatu eta tratu pragmatikoa eskaini dio. Bushen esaldi erromantikorik ez.