Mexikoko estatu pobreenetako bat da Oaxaca. Orotara, 3,4 milioi pertsona bizi dira bertan, eta maiatzean hasi zen gatazkak herritarren heren bati eragiten dio. Oaxacako 1,3 milioi umek lau hilabete daramatzate eskolara joan gabe. Gatazkak eragin dituen kalte ekonomikoak ere handiak dira: 370 milioi dolar. Mexiko hegoaldean dagoen estatu honen diru iturri nagusia turismoa da, eta gatazkak eragin zuzena izan du sektorean. Hotel batek baino gehiagok itxi dituzte ateak.
Irakasleen urteroko protesta ekintzak inoiz baino oihartzun zabalagoa izan du aurten, eta greba soil baten modura hasi zena herriaren eta agintarien arteko gatazka bihurtu da. Maiatzaren 22an hasi zen gatazka. Oaxacako 70.000 irakaslek, hainbat aldarrikapen egiteko, manifestaziora deitu zuten egun horretarako. Soldata igoera, ume pobreei gosaria doan banatzea, jantoki komunitarioak ezartzea eta beka gehiago emateaaldarrikatzen zuten, besteak beste. Ulises Ruiz gobernadoreak irakasleen eskariak aintzat hartu ez eta, gainera, haien irudia zikintzeko kanpaina bati ekin zion, besteak beste, telebista baliatuz -Ruiz PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionala alderdikoa da-.
GREBA MUGAGABEA. GOBERNADOREAREN JARRERAREN AURREAN, IRAKASLEEK ERAIKIN PUBLIKOETAN SARTU ETA GREBA MUGAGABEA HASI ZUTEN. OAXACAKO PLAZAN, ZOCALO-AN, 30.000 PERTSONA BILDU ZIREN. KANPADENDAK EZARRI ETA ORAINDIK AMAITU EZ DEN PLANTOARI EKIN ZIOTEN.
Ekainaren 14an, gatazkan inflexio puntua ezarri zuen gertaera izan zen. Goizeko 04:30ean bi mila udaltzain plazara sartu ziren bertan bildutako biztanleak botatzeko xedearekin. Negar gasaren eta armen bidez -argazkiak daude-, kanpadendetan zeudenak atera zituzten. Ekaina eta abuztua bitartean borroka gogorrak izan ziren polizien eta herritarren artean. Orotara, bi pertsona hil ziren tirokatuta. «Herritarrak, hasierako ustekabearen ondoren eta beren seme-alabak babestu eta gero, indarberritu, elkartu eta berrantolatu ziren. Herritarrek poliziei aurre egin zieten eta hiritik bota zituzten, eta erdigunea berreskuratu zuten». Eduardo Castellano Radio Plantoneko kidearen hitzak dira horiek. Bi aldeetan atxilotuak izan ziren. Herriak hainbat polizia atxiki zituen, geroago poliziek atxilotutako herritarren truke aldatzeko.
Gizartea, orduz geroztik, antolatzen joan da pixkanaka-pixkanaka. APPO Oaxacako Herri Asanblea eratu dute. Irakasle mugimendu modura hasi zena gizarte iraultza bilakatu da. Irakasleek, bestalde, hasierako eskaerak alde batera utzi eta gizartearen aldarrikapenarekin bat egin dute. Ulises Ruiz gobernadoreak dimisioa ematea da orain helburua. Carlos Lopez APPOko kideak helburu horren atzean zer dagoen azaldu dio BERRIAri: «Gure asmoa ez da muturreko autogobernu bat ezartzea. Herriaren behar eta interesei erantzungo dion gobernu bat sortu nahi dugu».
Oaxacan sortu den mugimenduaren ezaugarri esanguratsuena alor guztietako erakundeen artean sortu den batasuna da. Ulises Reynosa APPOko kideak batasun horren arrazoia zein den argitu du: «Ulises Ruiz gobernadoreak urte eta erdiko agintaldian egunkariak itxi ditu, herritarrak atxilotu eta erail ditu, gure historia eta arte ondarea suntsitu du... Horrekiko guztiarekiko gorrotoak batu gaitu». Nancy Motaren arabera, gobernadoreak irakasleen kontra jo zuen gizartea zatikatzeko, eta justu kontrakoa lortu du.
OAXACA, BLOKEATUTA. Oaxacako hiria erabat blokeatuta dago gaur egun. Herritarrek, euren babesa ziurtatzeko, barrikadak ezarri dituzte hiri osoan, eta errepide gehienak itxita daude. Gobernuaren egoitza eta erakin publiko gehienak hartuta dituzte herritarrek. Poliziaren jazarpenak, hala ere, bere horretan dirau. Fray Bartolome de Las Casas giza eskubideen defentsan lan egiten duen erakundeak argitara emandako txosten baten arabera, gatazka hasi zenetik giza eskubideak etengabe urratu dira. Poliziak indarraren gehiegizko erabilera egin duela eta adierazpen, elkarte eta bilera askatasunaren aurkako erasoak egin dituela salatzen du txostenak.
Testuinguru horretan, komunikabide aske anitz sortu dira. Herriari ahotsa eman, informatu, gertatzen ari dena aztertu, mobilizazioak sustatu eta entzuleei polizien ekintzen berri eman dira helburuak. Komunikabide horiek hartu duten indarra dela eta, jazarpenaren lehen helburu bihurtu dira. Radio Plantoneko kideak atxilotu zituzten, eta unibertsitateko ikasleek beste irrati bat sortu dute. Emakumeek, lapiko-martxa baten bidez, telebista eta irrati bat hartu zuten.
Mexiko Hirira ailegatze direnean agintariekin bildu eta negoziazioak hasi nahi dituzte. Enrique Rueda APPOko kideak euren baldintzak zeintzuk diren azaldu du: «Ulises Ruiz kanporatzea eta preso politikoak aske uztea negoziatu ezin diren baldintzak dira». Gobernuak gobernadorea kargutik kentzeko eskumenik ez duela argudiatu eta irakasleei blokeoa bertan behera utzi eta klaseetara itzultzeko exijitzen die. APPOk uko egiten dio horri arazoa konpondu artean. «Ulises Ruiz kanporatu arte jarraituko dugu borrokan». Daniel Rosas APPOko bozeramaileak argi du bidea luzea izan arren garaipena lortu lortuko dutela.