Mundua

Obama, Afganistanen

AEBetako presidentetzarako alderdi demokratako hautagaiak ezusteko bisita egin du. Kabulen dago, Hamid Karzai gobernuburuarekin biltzeko, besteak beste.

2008ko uztailaren 19a
12:43
Entzun
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentetzarako alderdi demokratako hautagaia Afganistanen da gaur, ezustean egindako bisitan. Kabul hiriburura heldu da, goizeko zazpi eta laurden zirela.

Hainbat herrialdera egingo duen bira hasi du, hala, Obamak; besteak beste, Israel, Jordania, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuan izango da. Obamaren taldeko iturriek ez dute esan euren hautagaiak Irak bisitatuko duen, segurtasun arrazoiengatik.

Afganistanen, bertako presidente Hamid Karzai-rekin bilduko da, baita AEBetako armadako hainbat arduradunekin ere. NATOk han 53.000 militar ditu, eta horietatik ia erdiak estatubatuarrak dira. Washingtongo Gobernuak, horiez gain, beste hamabi mila soldadu dauzka, bere esanetara.

Obamak aste honetan esan du Irakeko gerra bukatzeko konpromisoa hartuko duela AEBetako presidente hautatzen badute, eta bere eginkizun nagusietako Al Kaedaren eta Afganistango talibanen kontra egitea izango dela. Haren ustez, orain arte AEBek Iraki garrantzi handiegia eman diote eta, horrela, Afganistango egoerak "okerrera" egin du.

Azaroaren hasieran izango dira AEBetako hauteskundeak eta John McCain da beste hautagaia, alderdi errepublikarrekoa. George Bush errepublikarraren lekua hartuko du bietako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.