Obama, borrokarako prest

Delawareko 65 urteko senatari Joseph Biden aukeratu du presidentegai demokratak Etxe Zurirako bidean presidenteorde izateko

arantxa elizegi egilegor
2008ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bi hilabete eskas geratzen dira AEBetako hurrengo presidentea nor izango den jakiteko. Horiek hala, bi aldeak, errepublikano eta demokratak, borrokarako prestatzen hasiak dira. Barack Obama Illinoisko senatariak atzo argitu zuen azken asteotako galdera nagusia izan dena; presidenteordetzarako hautagaia nor den, alegia: Joseph Biden.

Delawareko senataria aukeratu izanak eztabaida eragin du, ordea. 65 urteko buruzagi demokratak esperientzia handia du politikagintzan. Senatuko Nazioarteko Harremanetarako Batzordeko burua izateaz gain, krimenaren aurkako hainbat lege ekimen ere bultzatu ditu. Presidenteordetzarako hura aukeratuz, Obamaren gaztetasuna eta esperientzia ezaren inguruko kritikak isilarazi asmo ditu Alderdi Demokratak. Baina izan dira erabakiaren beste aldea nabarmendu dutenak ere. John McCainen ingurukoek, esaterako. Horien arabera, bera Gobernua zuzentzeko gai ez delako aukeratu du esperientzia duen politikari bat. Horretaz gain, 35 urte baino gehiago Kongresuan daramatzan pertsona bat hautatu izanak aldaketaren promesa kolokan jartzen duela uste dutenak ere badira.

Benetako kanpaina

Era batera edo bestera, Obamak ziurra du demokraten sostengua. Gainera, Biden aukeratu izanak langile zuriak bereganatzen lagunduko dio, Delawareko senataria haiengandik gertuago baitago. New Yorkeko senatari eta Obamaren aurkari ohi Hillary Clinton izan da haren erabakia txalotzen lehena: «Biden senataria presidenteorde adoretsu eta indartsua izango da, eta Obamari presidentetza lortzen eta herrialde hau gobernatzen lagunduko dio».

Hala ere, bihar hasiko den Alderdi Demokrataren Denverko Konferentzian ezagutuko dituzte bai demokratek eta baita herritarrek ere Illinoisko senatariaren presidentetzarako asmoak. Izan ere, demokraten konferentzia, beste ezer baino gehiago, oholtza bat da, lau egunez komunikabideen arreta osoa hautagai demokratarengana erakarriko duena. «Konbentzioak nazio osoaren arreta bereganatzeko aukera ematen die bi hautagaiei, baita oholtza gainean egotekoa ere hautesleak begira daudenean», azaldu du demokraten aholkulari Chris Kofinisek.

Erasorako unea

Illinoisko senatariak ondo daki, komunikabideen arreta baliatzen. Horri esker, denei aurrea hartu, eta alderdiaren eta milioika estatubatuarren sostengua bereganatzea lortu du Obamak. Aldaketa hitzeman die guztiei; aldaketak atzerri politikan eta baita etxean ere. Elkarrizketa eta diplomazia ere defendatu sutsuki defendatu ditu.

Azken asteetan, ordea, gogortu egin ditu errepublikanoen aurkako hitzaldiak. McCainen erasoen jomuga izateaz aspertuta, erasora jo du 47 urteko senatariak. «Errepublikanoek ez dakite nola gobernatu, baina badakite nola egin gure aurkako kanpaina», adierazi du aste honetan bertan. McCainek Obamarekin «hondamendi ekonomikoa» gertatuko dela ohartarazi ostean, berriz, hark horrela erantzun zion: «McCain jauna, utzidazu azaltzen. Hondamendi ekonomikoa oraintxe gertatzen ari dena da. Agian, ez zara ohartu».

Bitartean Denverren dena prest dago espero dituzten milaka lagunei harrera egiteko. Berez 50.000 inguru dira konbentzioan izen eman dutenak, baina askoz gehiago joatea espero dute. Horiek hala, Washingtonek segurtasun neurri bereziak jarriko ditu, demokraten eta errepublikanoen biltzarretan. Orotara ehun milioi dolar bideratuko ditu segurtasuna bermatzera.



Errepublikanoekez dakite nola gobernatu, baina badakite nola egingure aurkako kanpaina»

Barack Obama
Presidentetzarako Alderdi Demokrataren hautagaia




'Superordezkarien' indarra murrizteko eskaera

Kargu publikoren bat duten Alderdi Demokratako edo Errepublikanoko kideak dira superordezkariak. Alderdiko hautagaia aukeratzeko garaian ez dute zertan herritarren sostengua jaso duena hautatu. Baina horrek arazoak sor ditzake. Ondorioz, demokratek horien askatasuna mugatzea proposatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.