Mundua

Obama: "Ekialde Hurbileko gatazkari irtenbidea bilatzeko unea da"

AEBetako presidenteak beharrezkoa ikusten du Israelgo eta Palestinako estatuak elkarrekin bizitzea. Hilabeteotan "etengabeko ahaleginak eta garrantzitsuak" egingo ditu.

2009ko ekainaren 5a
18:28
Entzun
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak adierazi duenez, "Ekialde Hurbileko gatazkari irtenbidea bilatzeko unea da". Horretarako, Israelgo eta Palestinako estatuak elkarrekin bizi behar dutela gaineratu du.

Hitz horiek Obamak Dresden (Alemania) egin ditu, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batera. Ekialde Hurbileko eta Afganistango egoerak aztertzeko bildu dira bi agintariak. Obamak adierazi duenez, "bi aldeek bakea lor dezaten ezin diet behartu, baina gaizki ulertu batzuk argitzen saiatu gara". Era berean, bake prozesuan nazioartea inplikatu behar dela uste du.

"Israelek Palestinako estatua onartu eta lur okupatuetatik alde egin beharko dute", azaldu du Obamak. Palestinak, bere aldetik, "segurtasuna hobetu eta ustelkeriarekin amaitu behar du".



Bestalde, Arabiako hedabideek kaleratu dutenez, AEBetako presidenteak Ekialde Hurbilean bakea lortzeko "kudeaketak areagotuko" ditu eta, helburu horri begira, ondorengo hilabeteetan "etengabeko ahaleginak eta garrantzitsuak" egingo ditu.

Atzo AEBetako presidenteak Kairoko Al Azharko Unibertsitatean hitzaldia eman zuen eta "Islamaren kontra barik Al Kaeda eta muturreko islamisten kontra" daudela esan zuen, eta "elkarrenganako begirunea" lortu behar dela. Era berean, AEBek Israelekin loturak eta interes komunak dituztela aitortu zuen, baina estatu palestinarra sortzearen alde egin zuen hitzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.