MUNDUA

Obama: "Ezin dugu amore eman bakea bilatzeko bidean"

AEBetako presidentea Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin bildu da Ramallahen. Palestinarrek "okupazioaren amaiera" merezi dutela esan du Obamak, baita "itxaropenezko etorkizun bat" ere. Atzo heldu zen Israelera AEBetako presidentea. Gazatik bi suziri jaurti dituzte bart goizaldean Israelera.

2013ko martxoaren 21a
17:27
Entzun

Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas batzartu dira gaur Ramallahen. Atzo iritsi zen Obama Israelera, eta Simon Peres Israelgo presidentearekin eta Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin batzartu zen. Gaur elkartu da Abbasekin. AEBetako presidente denetik aurreneko aldia izango da Obama Palestinara doana.

Abbasek "uste osoa" du Obamak eta John Kerry Estatu idazkariak jakingo dutela "bakerako bidean oztopoak ezabatzen". Hala adierazi du AEBetako presidentearekin egin duen agerraldian. Obama, berriz, "Estatu palestinar independente eta burujabe" bat sortzearen alde agertu da, eta uste du irtenbidea "zuzeneko negoziazioen bidez" soilik izango dela posible.

Obamak onartu du egoera zaila dela, baina ohartarazi du bakea bilatzeko ahaleginetan ezin dutela "amore eman". "AEBak prest daude euren esku dagoen guztia egiteko".

Protestak Ramallahen

Obamaren bisitaren kontra protesta egiteko, 300 pertsona batu dira Ramallahen. Israelera iritsi aurretik ere ari dira protestan Palestinan, eta gaur goizaldean bi suziri bota dituzte Gazatik, Palestinatik, Israelera. Polizia iturrriek zabaldu dutenez, Sderot hiriko etxe bateko baratzean jo du suzirietako batek, eta Shaar Hanegeveko biztanlerik gabeko eremu batean besteak. Ez da inor zauritu.

Oraingo bisitan ez duela baketzean urratsak egiteko ekimenik eraman argitu du Obamak; "entzutera" joan da Ekialde Hurbilera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.