Lehen eztabaidan baino askoz erasokorrago aritu zen Obama bart gauekoan. Horren adierazle, aurkezleak txantxetan-edo esandakoa: "Uste nuen elkar jo behar zutela". Hainbat gairen gainean eztabaidatu dute: besteak beste, ekonomiaz, migrazioaz eta Libiaz.
Hain justu, Libiaz jardutean izan zen Obamaren une onenetako bat. Han hil zuten AEBetako enbaxadore Chris Stevens. "Diplomatikoak hil zituztenei jazarriko diegu, eta justiziaren aurrera eraman", esan du Obamak. Alderdi Demokratako hautagaiak kritikatu du Alderdi Errepublikanoak iradoki izana Obamak politika egiteko erabili duela Libian AEBetako enbaxadorearen aurkako erasoa. "Hau ez da politika egiteko gai bat. Segurtasun nazionalaren arloan, agindutakoa betetzen dut", ziurtatu du Obamak. AEBetako tropak Iraketik eta Afganistandik ateratzea eta Osama bin Ladenen hilketa oroitarazi ditu presidenteak.
Romneyk, berriz, Obamari egotzi dio hasieratik aitortu ez izana eraso bat izan zela. "Baina gehiago kezkatzen nau lau amerikarren heriotzaren biharamunean Obama presidentea Las Vegasera eta Coloradora joan zela dirua biltzera", azaldu du.
Ekonomia
"Aberatsen hautagaia" izatea leporatu zion Obamak Romneyri, eta oroitarazi zuen hautagai errepublikanoak %14ko zergak ordaintzen dituela. "Nere proposamena sinplea da: klase ertainen zergak murrizteari eustea", esan du Obamak. Romneyk agindu du diru gehien irabazten dutenei ez dizkiela "sekula" zergak igoko.