Bill Clinton AEBetako presidente ohiak bart jakinarazi duenez, Barack Obama izango da Alderdi Demokrataren presidentegai, azaroaren 6ko hauteskundeetarako. Clintonek Charlotteko Time Warner Cable Arena estadioan emandako hitzaldian (Ipar Karolina) esan du Obama AEBetako hurrengo presidentea izatea nahi duela. "Harro izendatu dut Alderdi Demokrataren hautagai", nabarmendu du Clintonek.
Obamak azken lau urteotan egindako lana goraipatu du AEBetako presidente ohiak. "Ekonomia hondatua jaso zuen oinordetzan, baina hondamendia galarazi du, susperraldiaren bide luzea abiatu du, eta milioika lanpostu, negozio eta aberastasuna sortuko dituen ekonomia modernoaren oinarriak ezarri ditu", azpimarratu du.
Clintonek agerraldia bukatu zuenean, Obamak, agertokira igo, eta besarkada bat eman zion. Obama Alderdi Demokrataren presidentegaia izateko hautagai bakarra izan da, eta bere izendapena gaur onartuko du, demokraten batzarrari amaiera emango dion hitzaldian.
AEBetako hauteskundeak azaroaren 6an izango dira. Alderdi Errepublikanoak Mitt Romney izendatu zuen aurreko astean hautagai.