Barack Obama AEBetako presidentziarako hautagai demokratak (51 urte) eta Mitt Romney errepublikanoak (65 urte) datozen orduetan izango dute bien arteko telebistako eztabaida saioetatik aurrena, Denverko Unibertsitatean, Euskal Herrian goizeko hirurak direlarik —han, 21:00ak—. Eta bada ikusmina: aretoko sarrera guztiak aspaldi agortu ziren eta saioa telebistaz zuzenean 50 milioi lagun inguruk ikusiko dutela esaten da.
Ordu eta erdiko eztabaida izango dute. Obama egungo presidentea Nevadan aritu da saioa prestatzen, Romney astelehenean heldu zen Denverrera.
Hautagai demokratak legealdian arlo sozialean egindako aurrerapausoak goretsiko ditu —osasun arlokoak, kasu—, ekonomian gutxien dutenen alde hartutako neurriak ere azpimarratuko ditu eta Irak-eko gerratik alde egiteko erabakia ere defendituko du.
Presidentegai errepublikanoak, berriz, Obamak egindakoari gogor egingo dio kritika. Aspalditik dabil hala, baita hautagai ez zen garaian ere. Aurtengo maiatzeko haren bideo bat ezagun egin da, adibidez: hor esaten du Obamari botoen ematen dioten erdiek ez dutela zergarik ordaintzen eta gobernuaren babesean bizitzen jarraitu nahi dutela.
Inkestetan uste da Obama izango dela eztabaidako garailea.
Bien arteko hurrengo saioak hilaren 16an (Hempstead, New York) eta 22an (Boca Raton, Florida) izango dira. Presidenteordegai Joe Biden demokratak eta Paul Ryan errepublikanoak ere izango dute bat: hilaren 11n (Danville, Kentucky).
Hauteskundeak, arazoaren 6an, Ameriketako Estatu Batuetako 44. presidentea hautatzeko. 2008ko bozetan John McCain-i nagusitu zitzaion Obama.