Barack Obama AEBetako presidentearen aurkariak Sandy izena du orain. Kariben hondamendia eragin duen urakana bart gauean zen heltzekoa AEBetako ekialdeko kostara. Uholde arriskuagatik, larrialdi egoera ezarri du gobernuak bederatzi estatutan; hiri nagusietan itxi egin dituzte ikastetxeak eta antzokiak, eta bertan behera utzi dituzte garraio zerbitzu publikoak eta dozenaka hegaldi. Sandy kategoria baxueneko urakana zen atzo iluntzean; hala ere, segurtasun neurririk ez dago soberan. Ez presidentetzarako lehiaren une erabakigarrian dauden Obama eta Mitt Romneyrentzat. Hauteskunde egunerako astebete besterik ez da falta, eta urakan batek hondamendi politikoa ere ekar diezaieke, orain erakusten duten jarreraren arabera. Obamak du gehien jokoan; hautagai izateaz gain, presidente ere bada, eta erakutsi beharko du herritarren beharrak gehiago ardura zaizkiola kanpaina amaierako botoak baino.
Sandy New Jerseyko kostatik sartzekoa zen atzo iluntzean—gaur goizaldera, Euskal Herriko orduan—, eta gaur AEBetako ekialde osoari eragitea espero da. New Yorkeko metropoli eremua ia geldirik dago asteburuaz geroztik, eta Obamak larrialdi aitorpenak sinatu ditu kalteak jasateko arriskuan dauden beste zortzi estatutan: Rhode Island, Pennsylvania, Connecticut, New Jersey, Massachusetts, Delaware, Maryland eta Washington Hirian.AEBetako gobernuaren baliabideak eremu horietako administrazioen esku utzi ditu, ekaitzak eragindako kalteak konpontzeko.
Horien artean ez dago hauteskundeen emaitzetan erabakigarriak diren swing estaturik, baina Sandy-ren eragina handia bada, haizeak garaipena ere eraman diezaioke Obamari.
Alde batetik, ekaitzak nabarmen gutxitu ditzake early voting edo bozketa goiztiarrak ziurtatzen dizkion botoak. Alderdi Demokratak sistema horri probetxu atera izan dio: «Zenbat eta jende gehiagok bozkatu, hobe da guretzat», adierazi berri du David Axelrodek, Obamaren aholkulariak. Marylanden, esaterako, espero zuten herritarren %20 baino gehiagok emango zuela botoa azaroaren 6a baino lehen. Horretarako, sei egunetan ireki behar zituen hauteskutxak estatuko gobernuak; atzokoa zen horietako bat, baina asmoa bertan behera uztea erabaki zuten, hainbat herritarrekhauteslekuetara iristeko izan zitzaketen zailtasunak zirela medio. Erabakigarria izan daitekeen Virginian ere neurri hori hartu zuten, badaezpada.
Bestalde, kalte txikiagoak jasan arren, baliteke beste estatu batzuetan ere astebete edo gehiago luzatzea uholdeei buelta emateko lanak; datorren asteartean botoa ematea baino kezka garrantzitsuagoak izango dituzte leku horietako herritar askok.
Garaipena du jokoan
Urakanak eragin ditzakeen arazo teknikoez harago, askoz gehiago dago jokoan hautagaientzat. Axelroden arabera, 50 milioi pertsonari eragin diezaieke urakanak. Obamak orain du presidente izateko balio duela erakusteko aukerarik onena, eta Romneyk asmatu beharko du egoera horretan irudi ona ematen.
Ekaitzak irauten duen bitartean, lehiaren erdigunean dauden estatuetako kanpaina sakrifikatzeko prest agertu dira bi hautagaiak. Obamak Floridako mitin bat bertan behera utzi zuen atzo, Sandy heldu aurretik Washingtonen egoteko, eta ekaitzaren ondorenak bertatik kontrolatzeko; gauza bera egin du Ohio, Colorado eta Virginia estatu zalantzatietara egin nahi zituen bidaiekin.
Romney presidentetzarako hautagaia baino ez da, eta ezin dezake gauza handirik egin. Hala ere, ahalik eta egokien jokatu nahi du, eta nola-hala disimulatu kanpainan aurrera egiteko daukan grina. Larunbatean, Virginian ematekoa zen mitina bertan behera utzi eta Ohiorako hegazkin bat hartu zuen; han, kalteak jasateko arriskuan daudenen alde errezatzeko eskatu zien agerraldira gerturatutakoei. Alderdi Errepublikanoak diru eske bidaltzen dituen e-mailak igortzeari ere utzi dio larrialdi egoeran dauden estatuetan, eta kalteak konpontzeko diru bilketa bati ekin dio. Gaurko ekitaldi guztiak bertan behera uztea ere erabaki du presidentegai kontserbadoreak, «Sandy-ren bidean dauden milioika estatubatuarrekiko sentiberatasun erakustaldi gisa».
Baina Romneyk ez dauka aginte makila. Herritarrak, kazetariak eta inkestak Obamari so daude, bera baita gerta daitekeenaren arduradun, onerako zein txarrerako: hondamendiaren aurrean ongi erantzuten badu, irabazita izango ditu hainbat boto emaileren bihotzak. Ondorioak gaizki kudeatzen baditu, bera joko dute erantzule.
Hautagai izateaz gain, presidente lanak ere egin behar ditu, eta kosta ahala kosta saihestu nahi du Katrina urakanak 2005ean eragindakoaren gisako sarraski bat. Katrina-k gaizki eraikitako presak hautsi zituen New Orleansen; uholdeetan, 1.800 pertsona inguru hil ziren. Gaizki antolatutako erreskate planen erruz, milaka pertsonak teilatuetan pasatu zituzten hainbat egun, janaririk eta edaririk gabe. Kudeaketa txarra egitea leporatu zioten orduko presidente George Bushi, eta boto emaileek ez zioten barkatu.
Obamak ezin du halako zerbaiten arriskua hartu, are gutxiago bozetarako astebete falta dela. Horregatik, egon behar den lekuan dagoela erakutsi nahi izan du: igandean, FEMA Larrialdien Kudeaketarako Agentzia Federaletik, egoeraren larritasuna aintzat hartzeko eskatu zuen, eta Sandy-k uki ditzakeen estatuetako agintariekin hitz egin zuen telefonoz. Etxe Zuritik ere maisuki jokatu zuen bere rola: «Orain, segurtasuna da lehentasuna. Hauteskundeak konponduko dira euren kabuz astean zehar».
Inkesten arabera, boto emaileen %88k erabakita dute jada noren alde egingo duten, eta hautagaien arteko aldea txikiegia da garailerik iragartzeko; lehia klimaxera iristen ari da, eta Sandy izan daiteke inflexio puntu bat Hollywoodeko gidoietan ere ez dagoen istorioan.
AEBak. 'Sandy' urakana
Obama, zerura begira
AEBetako hauteskundeetarako astebete baino falta ez dela, emaitzetan zalantza gehiago eragin ditu 'Sandy' urakanakHondamendia gertatuz gero, Obamaren jarrera erabakigarria izango da bozetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu