Mundua

Obamak 2010eko abuzturako atera nahi ditu tropa gehienak Iraketik

Gaur jakinarazi du AEBetako presidenteak plana, baina agindu baino hiru hilabete geroago hasiko da soldaduak erretiratzen. 2010eko abuztutik 30.000-50.000 estatubatuar militar geratuko dira Iraken, "trebatze eta laguntza lanetan".

2009ko otsailaren 27a
19:04
Entzun
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak Iraketik 2010eko abuzturako atera nahi ditu tropa gehienak eta ez, AEBetako hauteskunde kanpainan agindu bezala, hiru hilabete lehenago. Kanpainan, Etxe Zurira iritsi eta hamasei hilabeteko epean tropak erretiratuko zituela ere jakinarazi zuen.

Gaur eman du planaren berri eta, horren arabera, 2010eko abuztutik aurrera 30.000-50.000 estatubatuar soldadu geldituko dira Iraken, eta horiek "trebatze eta laguntza lanak" egingo dituzte. Egun, 142.000 soldadu dauzkate han.

Atzerapena, agintari militarren kezkei erantzun asmoz etorri da; horiek "erretirada azkarregiak Irakeko segurtasunean lorturiko emaitzak arriskuan" jar ditzakeela uste dute. Iraken abenduan izango dira lehendakaritza hauteskundeak eta, horra artean, Obamak soldadu gehienak bertan utziko ditu, "hauteskundeetako segurtasuna bermatze aldera".

Washingtonen eta Bagdaden arteko adostasunaren arabera, 2011ko amaierarako tropa estatubatuar guztiek Iraketik kanpo egon behar dute.

Obamak duela gutxi jakinarazi zuen 17.000 soldadu Afganistanera bidaliko dituela, "bertako segurtasunak okerrera egin duelako". Beraz, Iraketik militarrak kanporatu ahala, gehiago izan nahi ditu Afganistanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.