MUNDUA

Obamak bertan behera utzi du Putinekin hitzartutako bilera

Etxe Zuriak jakinarazi du AEBen eta Errusiaren arteko harremanetan den "aurrerakada faltagatik" ezeztatu duela bilera, eta Snowdenen auzian Errusiak hartutako jarrera izan dela erabakia hartzeko faktoreetako bat. Moskun elkartzekoak ziren, San Petersburgon hil horretan bertan G20koek egingo duten bileraren aurretik.

2013ko abuztuaren 7a
17:41
Entzun

"Uztailean hasi genuen berrikuste baten ondorioz hartu dugu erabakia: gure ustez, ez da AEB-Errusia bilera bat egiteko nahikoa aurreratu bion arteko agendan". Ohar batean adierazi du hori Etxe Zuriak, eta jakinarazi du Obamak bertan behera utzi duela irailaren hasieran Errusiako presidente Vladimir Putinekin egitekoa zen bilera. Errusiak Edward Snowdeni urtebeterako babesa eman izana berrikuste horretan aztertu zen faktoreetako bat izan zela baieztatu du Etxe Zuriak.

Etxe Zuriaren ustez, antimisilen defentsa, merkataritza harremanak, nazioarteko segurtasun gaiak edo giza eskubideen gaietan ez da "aurrerakada nabarmenik" eman, eta hori jarri du Obamak Putinekin zuen hitzordua ezeztatzeko. Etxe Zuriak ez du zuzenean onartu bilera Snowden auziagatik ezeztatu dutenik, eta Errusiak izan duen jarrera "etsigarria" izan dela baieztatu du soilik.

Irailean G20aren bilera egingo dute San Petersburgon (Errusia), eta horren aitzakian, hitzordu horren aurretik beste bat zuten adostuta AEBetako eta Errusiako presidenteek, Moskun. AEBei, baina, ez zaie gustatu Errusiaren jarrera, eta horregatik, Obamak Putinekin hitzartuta zuen bilera bertan behera utzi dute. Errusiak esan zuen ez zuela Snowden estraditatuko, baldin eta horrek AEBen aurkako filtrazio gehiago egiten ez bazuen. Hala, ekainaren 29tik abuztuaren 1a bitartean Xeremetievoko aireportuan izan zen Snowden, ez aurrera ez atzera, AEBek haren pasaportea baliorik gabe uztearen ondorioz.

Iraganeko tentsioak gaurkotuz

The Tonight Show telebista saioan izan zen Obama, eta adierazpenok egin zituen han: "Zenbait momentutan Gerra Hotzaren pentsamenduan murgiltzen dira (errusiarrak). Guk zera esaten diegu, eurei eta euren presidente (Vladimir) Putini, hori iraganeko kontua dela". Errusiako lehendakaritzatik, berriz, "etsigarria" AEBek duten jarrera dela baieztatu dute: dena den, Obamak iritziz aldatuko balu, Putinen gonbidapenak bere horretan dirauela jakinarazi die AEBei.

Tentsioa Snowden auziak piztu zuen, ekainaren amaieran. AEBetatik ihesean ari zela, Snowden estraditatzea eskatu zioten Errusiari AEBek, argudiatuz norabait joatekotan AEBetara joan behar zuela Snowdenek. AEBen aurkako filtraziorik egiten ez bazuen ez zuela Snowden estraditatuko adierazi zuen Errusiak, eta emandako hitza bete zuen. Hilabete baino gehiago Xeremetievoko aireportuan (Mosku) eman ostean, urtebeterako babes politikoa eskaini zion Errusiak Snowdeni, eta han dago orain. 

AEBen ziberespioitza plan sekretuen berri eman zuen Snowdenek, baita ihes egin ere, eta haren atzetik dira AEBak. Snowdenek munduari erakutsi zion nola teknologia berriekin zerbitzu sekretu nagusiek ez duten oztoporik milioika lagunen gaineko zaintza masiboa egiteko, pribatutasun eskubidea arazo gabe urratuz, eta zama hori jasan ezinik, informazio hori argitara eman eta alde egin zuen.

Snowden harrapatzeko egarriaren ondorioz, nazioartea mobilizatu nahi izan zuten AEBek, Boliviarekin eta Latinoamerikako herrialdeekin krisi politiko berri bat sortzeraino. Snowden Moskun zela, Evo Morales Boliviako presidenteak Moskutik La Pazerako ibilbidea egin behar zuen, eta bidaia egin aurretik hainbat geldialdi tekniko adostuta zituen Europako zenbait herrialderekin. "Azken momentuan, eta hegaldi betean" Frantziak, Italiak eta Portugalek ukatu egin zioten Moralesen hegazkinari lur hartzeko baimena. Eta hori dena, Snowden Moralesen hegazkinean zihoala uste zutelako. Espainiak ere, Snowden hegazkin horretan ez zihoala ziurtatu arte, ez zion utzi bere airegunea zeharkatzen. Snowdenek hainbat herrialderi igorri zien babes politikoa eskatuz, eta Latinoamerikako herrialdeak izan ziren baiezkoa eman ziotenak, hegazkinaren aferagatik haserre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.