Obamak bozak aise irabazteko babesa du, inkesten arabera

Mitt Romney AEBetako errepublikanoen lehian orain arteko faboritoari zazpi puntu ateratzen dizkio presidenteak

Erredakzioa
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Mitt Romney errepublikanoaren astea izan behar zuen honek, Floridan eta Nevadan primarioak irabazi ondoren, baina Washington Post egunkariak kaleratu berri duen inkesta batek protagonismoa kendu eta Barack Obama presidenteari eman dio. Inkestak dioenez, Obamak aise irabaziko lituzke Mitt Romneyren kontra Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeak, orain egingo balira. Herritarren %51k Obama aukeratuko lukete, eta horiexek ontzat jotzen dute presidenteak bideratu duen lan erreforma. Urtarrilean, lanik gabe %8,3 zeuden, Obamak kargua hartu eta hilabetera zegoen kopuru bera.

Ekonomian Obamak egin duen lanaz gainera, oro har ere presidente hobea iruditzen zaie, eta Romneyk ez ditu galdetutakoak konbentzitzen; zerga gutxi ordaintzea kritikatzen dute, besteak beste. %43k onartuko lukete presidente Romney, Obamaren aldean. Hautagai errepublikanoen artean aukeratu behar izanez gero, berriz, herritarren %45ek egiten dute Romneyren alde.

Primarioetan, berriz, alde handiz irabazi ditu Romneyk Nevadako hauteskundeak, baina errepublikanoen lehian hautagai izateko abuzturako lortu behar dituzten 1.145 ordezkarietatik 28 soilik izan dira jokoan Nevadan. Gaur Minnesotan eta Coloradon dituzten primarioetan ere ordezkari gutxi daude jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.