Arratsaldean G8koen bilerara joan aurretik, Belfasten hitzaldia eman berri du Barack Obama presidenteak, Irlanda Iparraldeko bi komunitateetako politikarien aurrean. Bake prozesuak "une zailak" izanda ere, lortu dutenaren eta lortzen ari direnaren gainean mintzatu da. Nerabeak ere izan ditu entzule, "etorkizuna gidatuko dutenak", eta geroa haien esku dagoela esan die. "Zuek zarete bakearen lehen belaunaldia, kostata irabazitako bakearen hartzaileak".
"Elkarrekin", AEBek eta Ipar Irlandak eraiki dezaketen etorkizunaz hitz egitera joan da Obama Belfastera. Irlandarrek Ameriketara emigratu zutenean independentziaren eta konstituzioaren alde egin zutena izan du gogoan presidenteak, eta orduztik lotuta daudela bi herriak. "Zuengandik ikasi duguna hauxe da: gure zoria, etorkizuna, guk egiten dugula".
Hamabost urte igaro dira Ostiral Santuko Akordioa egin zutenetik, eta oraindik "lan asko egiteko" dago; "tentsioa badago oraindik" bi komunitateen artean, baina "mundua Ipar Irlandak egiten duenari begira" dagoela gogoratu die: "Zuek zarete jarraitu beharreko proiektua askorentzat. Begira daude hurrena zer egingo duzuen, ez alferrik galdu aukera". Aurrera edo atzera egin, bi aukera horiek dauzkate, eta aurrera egitea erabakitzen badute, AEBak laguntzeko prest izango dituzte. "Hor jarraituko dugu Stormontekin, Dublinekin eta Westminsterrekin estuki lanean".
Dauden lekura iristeko politikariek egin duten lana goraipatu du Obamak, bereziki, Peter Robindon lehen ministroa eta Martin McGuinness lehen ministrordea, baina horren gainetik herritarren jarreraren garrantzia jarri du: "Bakearen baldintzak politikariek negoziatuko dituzte, baina etorkizuna zuen esku dago. Herritarrek gainditu behar dituzte bi aldeetako auziak eta ezinikusiak".