Protestak herrialde arabiarretan

Obamak Siriaren aurkako neurriak hartzeko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari

Turkiak elkarrizketak eten ditu Damaskorekin, eta zigorrak ezarriko dizkiola iragarri du

mikel rodriguez
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Barack Obama AEBetako presidenteak Siria zigor dezala eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, Batzar Nagusiaren aitzinean egindako hitzaldian. «Ekintzara jotzeko aitzakiarik» ez dagoela erran du Obamak. «Siriaren eta munduko bakearen eta segurtasunaren onerako, ahots bakarrekin solas egin behar dugu». AEBek Damaskori zigor «gogorrak» paratu dizkiola oroitarazi du, eta NBEko herrialdeek gauza bera egitea nahi du. «Galdera argia da: Siriako herriaren alde, edo haien zanpatzaileen alde eginen dugu?».

NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek ere «ekintzetarako» ordua dela erran du, eta jarrera bateratua hartzeko eskatu die NBEko herrialdeei. EB Europako Batasunak, berriz, Damaskori zigor gehiago ezarriko dizkiola iragarri du. EBko enpresei petrolioaren arloan inbertitzea debekatuko die Bruselak, berri agentziek diotenez. Iragan irailaren 3an Siriatik petrolioa inportatzea debekatu zuen.

AEBek iragan hilean exijitu zioten ofizialki Bashar al Assad Siriako presidenteari agintea uzteko. Al Assadek nazioartean zuen mintzaide nagusia Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroa zen, AEBen oniritziarekin. Azken urteetan harreman ona izan dute Ankarak eta Damaskok, baina Erdoganek elkarrizketak etetea erabaki du. «Siriak propaganda beltza egin du Turkiaren aurka. Jada ez dugu konfiantzarik hango agintariengan. AEBek bezala, Turkiak zigor batzuk ezarriko dizkio Siriari».

Zortzi hildako

Siriako Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, zortzi lagun hil zituzten atzo herrialde osoan, «estatuko indarren operazioetan». Horietako hiru Hims hiriko Baba Amro auzoan izan zirela dio. Auzo horrek bi egun daramatza setiatuta.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.