Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak

Obamaren aroa abian

Missouri eta Ipar Karolinako emaitzen faltan, 349 ordezkari ditu hautagai demokratak eta 163 John McCain errepublikanoak; beraz, aise eskuratu ditu Obamak presidente hautatua izateko gutxieneko 270ak. Urtarrilaren 20 arte itxaron behar du kargua hartzeko, baina "trantsizioa errazteko prest" agertu da Bush. Herritarren botoetan %6eko aldea kendu dio. %66koa izan da parte-hartzea, ohi baino %10 handiagoa.

2008ko azaroaren 5a
19:11
Entzun
Barack Obama hautagai demokratak irabazi ditu Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente izateko hauteskundeak. Missouri eta Ipar Karolinako emaitzak falta dira oraindik zenbaketa guztiz amaitzeko, baina bi estatu horien faltan ere, Obamak aise eskuratu ditu presidente hautatua izateko beharrezko dituen ordezkariak. Zehazki, 349 presidente hautatzaile lortu ditu hautagai demokratak -270 behar dira presidente hautatua izateko-; John McCain errepublikanoak, berriz, 163 ditu. 538 ordezkari aukeratzen dira guztira.

Senataria da Obama -Illinoistik-, eta 1960tik ez da izan Presidentzia bozak irabazi dituen senataririk. AEBetako 44. presidentea izango da -aurreneko beltza-, eta berriro demokratak izango dira karguan -Bill Clinton izan zen azkeneko presidente demokrata, 1993-2001 artean-.

AEBetako telebista kate nagusiek Euskal Herriko goizeko bostetan garailetzat jo dute Obama, eta ordu hori erabakigarritzat jotzen dute denek ere.

Ordezkarien Ganberan eta Senatuan ere demokratak nagusi

Presidente hautatzaileak aukeratzeaz gain, Ordezkarien Ganbera osoa -435 eserleku- eta Senatuaren heren bat -35 aulki- berrituko dituzte hauteskunde hauen ondorioz. Bietan demokratak izango dira nagusi.

- Ordezkarien Ganbera. Orain arteko zenbaketaren arabera, demokratek 252 eserleku lortu dituzte -lehen baino hemezortzi gehiago- eta errepublikanoek 171 -hemezortzi gutxiago-.

- Senatua. Orain arte bi alderdiak berdinduta zeuden -beste bi independenteak ziren-, eta orain demokratak izango dira nagusi. Gaur arte 49 senatari zituen Alderdi Demokratak eta orain 56 izango ditu. Errepublikanoek 49 zituzten eta orain 40.

Herritarren botoetan %52-%47

Nahiz eta presidente hautatzaileen zenbaketan alde handia kenduko dion Obamak, herritarren botoan -popular vote- tarte txikia aterako dio. Bozen %52 lortuko ditu Obamak eta %47 McCainek. Oraingoz, bospasei milioi botoko aldea kentzen dio.

Demokraten artean, Jimmy Carterren garaitik (1977-1981) inor ez da presidentziara heldu herritarren botoetan gehiengo osoa lortuta.

Obama: "Gau honek erakusten du guztia dela posible"

Chicagon 22:58 zirela irten du Obamak bere jarraitzaileen aurrera -Euskal Herrian 5:58 zirela-, garaipena ospatzeko. Ondoan zituen emaztea eta bi alabak, eta hango 6:15 arte aritu da hizketan. "Guztia da posible AEBetan. Inork ba al zuen zalantzarik? Hau da erantzuna, gau hau", adierazi du hasiera-hasieran. AEBak "berritu" egin nahi duela azaldu du, eta McCainekin eta honen taldearekin lan egin nahi duela bide horretan.

AEBetan "aldaketa" gertatu dela esan du, eta guztiek hartu dutela parte bertan: "Aberatsek eta txiroek, gazteek eta adinduek, beltzek eta zuriek, demokratek eta errepublikanoek... Denbora pasatu da baina iritsi da unea. AEBak aldatu egin dira! Herri honen ametsa bizirik dago! Garaipen hau zuena da! Eta hau ez da estatu gorrien (demokraten) eta urdinen (errepublikanoen) herria. Beti izan gara Ameriketako Estatu Batuak eta hala izango gara".

McCainek "borroka" egin duela aitortu du Obamak, "sakrifikatu egin da herri honegatik. Zorionak lan horregatik".

McCain aurretik agertu da

McCainek, Euskal Herrian 5:20 zirela, aitortu du galdu egin duela, jarraitzaileen aurrean egindako agerraldian. "Zorionak emateko deitu egin diot Obamari", esan du. "Lorpen handia eskuratu du hark, bai beretzat, bai herri honentzat. Aukeraketa historikoa da hau, berezia; afroamerikarrentzat, batik bat. Herri honek denei aukera ematen diela ikusi da, eta Obamak frogatu du hori".

Hautagai demokratari bere babesa eskaini dio McCainek. "Izan ere, garai zailak bizi ditugu, eta gure sinesgarritasuna berreskuratu beharra dugu. Ondorioz, nire babesa dauka Obamak, ahal dudana egiteko prest nago. Niri botoa eman didatenei honetan ere niri jarraitzeko eskatzen diet. Aldeak alde, guztiok gara estatubatuarrak".

Obamaren neurri nagusiak

Hauek izan daitezke Obamak har ditzakeen neurri nagusiak: Iraketik AEBetako tropak erretiratu -2009 bukaerarako-, gizarteko klase ertainei zergak jaitsi, umeentzat osasun publikoaren zerbitzua zabaldu, krisi ekonomikorako bigarren plan garrantzitsua sustatu eta finantza arloaren kontrol handiagoa lortu.

Parte-hartze handia

Iragarri zuten bezala, handia izan da parte-hartzea: %66koa. Azkeneko hamarkadetan %10 inguru txikiagoa izan da.

Hautagaiak goizeko lehen orduan joan ziren bozkatzera atzo: Chicagora (Illinois) Obama eta Phoenixera (Arizonan) McCain. Ondoren, ordea, kanpainarekin jarraitu zuten, azken orduko agerraldiekin: Indianan Obamak eta Colorado eta Mexiko Berrian McCainek.

Bi hilabete eta erdiko trantsizioa

Obama datorren urteko urtarrilaren 20an izendatuko dute AEBetako presidente ofizialki. George W. Bush errepublikanoa ordezkatuko du karguan. 2001etik izan da Bush presidente, 2000ko azaroan irabazita hauteskundeak. Joseph Biden izango da presidenteordea -Sarah Palin zen McCainen hautagaia horrako-.

Bushek Euskal Herriko 5:15 aldera deitu dio Obamari, zorionak emateko.

Urtarrilaren 20a bitartean, beraz, trantsizioa egingo dute. Alderdi bakoitzak ehun lagun izendatuak ditu trantsizio hori antolatzeko eta gidatzeko. Alderdi Demokratako kideek hartuko dute ardura hori.

Azaroaren 15ean izango du Bushek bere azken ekitaldi garrantzitsuena: G-20ren bilera Washingtonen, krisi ekonomikoaz hitz egiteko. Obamaren talde ekonomikoa bertan izango da, baina.

Festa Chicagon, Washingtonen...

Demokratek Chicagon prestatu dute festa nagusia, eta milioi bat lagun espero dituzte Grant Parken antolatutako jaialdian. Jendetza dago. Washingtonen ere milaka lagun bildu dira, Etxe Zuriaren aurrean. Errepublikanoek, berriz, Arizonako hirirako prestatu zuten jaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.