«Gaurtik aurrera Ameriketako Estatu Batuak hobeak izango dira». New Yorken, Pennsylvanian, Connecticuten, Rhode Islanden eta Delawaren irabazita Mitt Romneyk amaitutzat eman du Alderdi Errepublikanoko presidentetzarako hautagaia erabakitzeko lehia, horretarako behar diren 1.144 ordezkariak oraindik lortu ez baditu ere. «43 hauteskunde primario eta caucus, egun luze asko eta hainbat gau luze eta gero, konfiantzaz esan dezaket ohore eta ardura handia eman didazuela. Bat eginda irabazi egingo dugu azaroaren 6an».
Alderdi Errepublikanoaren Batzar Nazionalak ere bat egin du Romneyrekin eta alderdikideei hautagaiaren inguruan bat egiteko eskatu die. Era horretan, azaroko bozetan aurkari izango duten Barack Obama presidenteari aurre egiteko kanpaina hasi dute.
«Lidergo eskasarekin eta agintza faltsuekin ilusioak eta ametsak nola desegiten ziren ikusi dugu», adierazi du Romneyk, eta estatubatuarrei duela hiru urte eta erdi baino hobeto ote dauden hausnartzeko eskatu die. Gogor ekin dio errepublikanoak Obamaren agintaldia kritikatzeari, ekonomiaren alorrean, batik bat. Presidentea jatorra izan daitekeela diote errepublikanoek, baina ez dela gai herrialdeak dituen arazo ekonomiko larriak konpontzeko.
Gingrich ere lehiatik kanpo
Duela bi aste Romneyren arerio handienak utzi zuen lehia: Rick Santorumek. Horrek bultzada izugarria eman dio Romneyri. Atzo, berriz, Newt Gingrichen kanpainako kideek argitu zuten maiatzaren 1ean iragarriko duela honek erretiratzea. «Hautagai hobea naizela uste dut, noski, baina boto-emaileek ez dute hala uste», adierazi zuen Gingrichek herenegungo bozen emaitzak ezagutu ondoren.
Errepublikano askok Romneyren aurka egin dute; nahikoa kontserbadorea ez izatea eta karismarik ez izatea leporatzen diote. Dena den, alderdiko buruek esan dute ez dela arazorik egongo hautagaiaren inguruan bat egiteko, eta gatazka Obamak sortuko duela adierazi dute, ez Romneyk.
Obamaren aurka kanpaina abiarazi du Romneyk hautagai gisa
Bost estatutan garaitu eta gero, alderdiko Batzar Nazionalak bat egin du berarekin; lehia utziko du Gingrichek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu