AEBetako errepublikanoen presidentetzarako lehia matematikoki itxita ez badago ere, Mitt Romneyk guztia alde dauka irabazteko. Hori horrela, Etxe Zurira begira jarri da jada, eta primarioetako kanpaina ez du lehiakide errepublikanoen kontra bideratu, Barack Obama presidentearen aurka baizik, ezustekorik ezean azaroko presidentetzarako bozetan arerio izango duenaren aurka, hain zuzen. Lehia horretarako presidenteorde nor izendatuko duen ez du oraindik argitu nahi izan, baina astelehenean kanpainako ekitaldi batean Romneyren ondoan agertu zen Marco Rubio Floridako senatari eta Tea Party mugimenduaren gertuko hautagaiaren izena da hedabideetan sonatuena.
«Ez dut prozesu horri buruz hitzik esango», adierazi du Rubiok kazetariek presidenteorde izango ote den galdetuta. Floridako senatariak ez ditu zurrumurruak baieztatu, eta hautaketa prozesua errespetatuko duela esan du. Romneyk ere ez du izendapena aurreratu nahi izan, eta esan du aukeraketa oraindik hasi besterik ez dela egin. Rubioren izenarekin batera, Kelly Ayotte New Hampshireko senatariarena, New Jerseyko gobernadore Chris Christierena, Nikki Haley Hego Karolinako gobernadorearena eta John Thune Hego Dakotako senatariarena atera dira argitara, baina Romneyk ez du ezer baieztatu.
Tea Partyko erregegai ezizenaezarri diote Rubiori, mugimendu ultrakontserbadorean Sarah Palinen ondorengoa izango dela baitiote adituek. Gurasoak Kubako immigranteak ditu, eta askok Obama hispanoa ere deitzen diote. Romney herritarrengandik aldendua dagoela-eta hari hispanoen botoak eskuratzen lagundu diezaiokeela diote adituek, baina Tea Partyrekin dituen loturek kontrako efektua izan dezakete. Obamak beste lau urtez herrialdea gidatzen badu «amets amerikarra» desagertuko dela ohartarazi du Rubiok. Bestalde, kanpaina honetan presidenteorde gisa aritzeak etorkizunean presidente bilakatzeko izan ditzakeen aukerak gutxitu diezazkioke.
Romneyk ez du duela lau urteko okerra berriz ere egin nahi. Orduan, errepublikanoen hautagai John McCainek Sarah Palin hautatu zuen presidenteorde, eta, gerora, errepublikanoek huts bat izan zela aitortu dute. 2008ko presidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren kanpainaren arduradun izan zen Steve Schmidtek dio ez zutela Palinen erruz galdu. «Dena den, faktore negatibo bat izan zen, Etxe Zurira heltzeko prestatuta ez zegoelako». Romneyk badaki presidenteordea ongi hautatzeak zer garrantzi duen, eta, horregatik, erabaki hori ongi hausnartu nahi du. Beth Myers bere aholkulariari presidenteordea aukeratzeko koordinatzaile lanak egiteko eskatu dio.
231 ordezkari jokoan
Atzo bost estatutan egin zituzten primarioak, eta horietan banatu dituzten 231 ordezkarietatik gehienak Romneyk eskuratuko dituela diote inkestek. New Yorken, Pennsylvanian, Connecticuten, Rhode Islanden eta Delawaren egin dituzte bozak. Errepublikanoen presidentetzarako hautagai izateko behar dituen 1.144 ordezkariak oraindik lortu ez baditu ere, alde handia ateratzen die aurkariei. Atzoko bozetan eskuratutakoak zenbatu gabe, 698 ordezkari ditu Romneyk. Newt Gingrichek, berriz, 137 ditu, eta Ron Paul lehiaren atzean geratu da, 75 ordezkarirekin. Rick Santorum hautagaiak jarraitzen zion gertuen, baina duela bi aste iragarri zuen lehia utziko zuela. 260 ordezkari zituen orduan Santorumek.
Immigrazio legea, auzitan
Arizona estatuko gobernuak immigrazio legea defendatu zuen atzo AEBetako Auzitegi Gorenean. Obamaren gobernuak legea salatu zuen konstituzioaren aurkakoa zelakoan.
Besteak beste, herrialdean legez kanpo bizitzeaz «susmagarri» direnak atxilotzeko agindua biltzen da testuan. Horrek hispanoen aurkako diskriminazioa ekarriko duela salatu dute legearen aurkariek. Dokumenturik gabekoek lana edukitzea ere zigortzen du Arizonako immigrazio legeak, eta legez kanpoko immigrazioa estatu delitu bilakatzen du. Alabaman, Hego Karolinan, Georgian eta Indianan antzerako legeak onartu dituzte. Gorenak ekainean jakinaraziko du erabakia.
Obamaren aurkako lehiari begira
Romneyk ez du argitu nor izendatuko duen presidenteorde; Marco Rubio senatariarekin agertu da mitin batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu