Obamaren garaiko epaiketa militarrak hasi dituzte

Al Kaedako ustezko burua epaituko dute, 2000. urtean hamazazpi lagun hil zituen erasoa prestatzea egotzita

2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Obamak ez du bete Guantanamo ixteko eman zuen agindua, eta gaur abiatuko dituzte bertan haren agintaldia 2009an hasi zenetik egingo diren lehen epaiketa militarrak. Abdel Al Rahim Al Nashiri izango da lehen epaitua; Pentagonoaren arabera, Al Kaedako burua. 2002an CIA AEBetako zerbitzu sekretuek atxilotu zuten, Arabiar Emirerri Batuetan, eta ezkutuko hainbat kartzelatan egon ostean, Guantanamora eraman zuten. Geroztik atxilo segitzen du, beste 171 presorekin batera; AEBek 2001eko irailaren 11ren ostean atxilotuak denak. Batetik, Cole hegazkinak garraiatzeko itsasontziaren aurkako erasoa prestatu izana egotzi diote, zeinetan 17 itsasgizon hil eta 39 zauritu ziren; bestetik, AEBen The Sullivans gerraontziaren aurkako atentatu saioa antolatu eta prestatu izana.

Al Nashiri erruduntzat jotzen badute, heriotza zigorra ezar diezaiokete; aldiz, errugabea bada, preso jarraituko du. Epaia zein izango den, ordea, ez dago batere argi; izan ere, Mark Martins kasuko fiskalak aditzera eman du ez dituztela «torturapean lortutako frogak» kontuan hartuko. 2008an, baina, orduko CIAko buru zen Michael Haydenek baieztatu egin zuen Al Nashiriren galdeketan «urpekariaren teknika» erabili zutela — presoa itotzeko itxurak egitea —, eta hori, Richard Kemmen abokatu eta heriotza zigorrean aditu denaren arabera, «tortura neurria» da.

Iragan martxoan epaiketa komisioak berrezarriko zituztela iragarri zutenean, besteak beste, arau berriak jarriko zituztela nabarmendu zuten, bereziki ezkutuko informazioa ez zabaltzeko eta presoei zegokien tratua emateko. Martinsen arabera, Guantanamoko epaiketetan «gardentasuna, publikotasuna eta nazio segurtasuna» bermatzen saiatuko dira. Horretarako, ikusle gisa joango diren Al Nashiriren senideek, giza eskubideen babeserakoeta defentsa legalerako erakundeek, eta zenbait kazetarik kristal sendo baten atzetik jarraituko dute epaiketa, eta bertan esaten dena 45 segundo beranduago entzungo dute. Hala, AEBen segurtasuna «arriskuan ez jartzea» lortuko dute, fiskalaren hitzetan, arrazoi jakinengatik isilpean mantendu beharreko informazioa CIAko kideek atzeman eta beiraren beste aldera igarotzea ekidingo baitute.

Informazio hori zein den, ostera, ez dute erabat zehaztu: «Gobernuarentzat lotsagarria den zerbait, edota honek urratu duen legeren bati buruzko informazioa, adibidez, ez da isilpean mantenduko. Aldiz, tropen mugimenduak eta informazioa lortzeko erabilitako bideak dira atzemango diren datuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.