Bart eman du Barack Obamak bere lehen prentsaurrekoa Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuko presidente bezala -urtarrilaren 20an hartu zuen kargua-, eta hamaika kontu izan ditu hizpide. Ordubetez aritu da.
Krisi ekonomikoa
"Bankuek sartu gaituzte krisian, izugarrizko arriskuak hartu izan dituztelako, besteen diruarekin kalitate aldetik zalantzak zituzten titulak erosita. Inork ez daki benetan zenbat diru duten orain bankuek. Horrek denak finantza krisia eragin dute, mailegu kopuruak murriztu dituzte eta, hala, krisi ekonomikoa zabaldu egin da. Estatubatuarren bizi maila egokitu egin behar da, aurrekoarekin ezin zelako jarraitu. Gobernua da gure ekonomia berpiztu dezakeen erakunde bakarra".
Iran
"Irani buruzko politika gainbegiratzen ari gara eta datozen hilabeteetan herrialde harekin elkarrizketa has dezakegu, mahaian aurrez aurre jartzeko haiek eta gu. Teheranek ere beste era batera jokatu nahi duen keinuak egiteko garaia da. Helburua, elkarrekiko errespetua izatea da. Gure kanpo politikak beste norabide bat har dezake. Bestetik, Dmitri Medvedev Errusiako presidentearekin hitz egin dut, gure biltegi nuklearrak murrizten hasteko hitz egiten has gaitezen".
Irak, Afganistan...
"Iraketik aurten erretiratzen hasteko plana eskatua diet arduradun militarrei. Afganistanekiko politika gainbegiratzeko eperik ez dugu, aldiz. Bestetik, ziurtatu behar dugu terrorismoaren kontra egiteko gure aliatua dela Pakistan; Al Kaedak ezin du inpunitate osoz aritu alde hartan ere".
Torturak
"Tortura delitu garbiak ikertuko ditu nire gobernuak. Izan ere, inor ez dago legearen gainetik. Torturarik ez izateko konpromisoa daukagu. Dena dela, etorkizunera begiratzeko interesik handiena geuk dugu".
Bitxikeria
AEBetako presidente batek gaur erantzun du lehen aldiz blogari baten galdera agerraldi batean. Hango hedabide nagusietako kazetarien itaunak ihardetsi ondotik, The Huffington Post blogeko lagunak egin dio galdera eta Obamak, erantzun. George Bushen garaiko gobernua (2001-2009) ikertzeko asmorik ba ote duen galdetu dio, ustezko tortura kasuak direla-eta.
Ameriketako Estatu Batuak
Obamaren lehen aitortza
AEBetako presidenteak bart eman du aurreneko prentsaurrekoa karguan denetik. Krisi ekonomikoa, Iran, Irak, torturak... izan ditu hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu