Olusegun Obasanjo Nigeriako presidenteak larrialdi egoera ezarri zuen atzo Plateau Estatuan, errepublika federalaren erdialdean dagoen estatuan. Era berean, bertako gobernaria kargutik kendu zuen, hil honen hasieran herrialde horretan gertatu ziren sarraskiak eragozteko gauza ez zela izan argudiatuta. Izan ere, iragan maiatzaren 2an, milizia kristau bateko kideek ehunka musulman hil zituzten Yelwa herrian. Iragan otsailan, berriz, 49 kristau zituzten hil eliza batean.
«Premiazko da Plateauko Estatuan den odol isurketa geldiaraztea», adierazi zuen Obasanjok, larrialdi egoeraren indarrean jarri beharra justifikatzeko. «Argi geratu dena da, berriz, Plateauko agintariak ez direla gai izan legea eta ordena errespetarazteko, jendeei konfiantza emateko, etnia, erlijio eta gizarte aniztasuna bermatzeko, herritarren biziaren eta ondasunen gerizatzeko», azaldu zuen Obajangok; «edo bestela, horiek guztiak ez egiteko aukerari eutsi diote», gaineratu zuen.
Hilketa ugari azken urteotan
«Bi komunitateen arteko genozidio bati amaiera emateko, neurri irmoak hartzerat behartuta egon gara», esan zuen Obasanjok, larrialdi egoeraren ezartzea azaltzearren. Joshua Dariye gobernaria eta gobernariordea euren kargutik kentzen zituela iragarri eta gero, Plateauko Estatuaren jardule nagusi gisa Chris Ali jeneral erretiratua izendatzen zuela jakinarazi zuen Nigeriako presidenteak, telebista nazionalean eskainitako hitzaldian.
Nigeriako 130 milioi herritarren artean, musulman erlijiokoak %50 dira, kristauak %40 eta sinesmen animistakoak, aldiz, %10. Musulmanen eta kristauen artean, bereziki, borroka odoltsuak daude aspalditik. 1999. urtean, Olusegun Obasanjo presidente aukeratu zutenetik egondako gatazka bakarrik kontuan hartuta, 10.000 lagunetik gora hil da bi komunitateen arteko borroka odoltsuetan.
NIGERIA
Obasanjo presidenteak larrialdi egoera ezarri du Plateau Estatuan
Iragan maiatzaren 2an, ehunka musulman hil zituen kristau milizia batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu