MEXIKO

Obrador ezkerreko hautagaiak hauteskundeetako emaitzak baliogabetzea eskatuko du

Bozen behin betiko emaitzak jakin arte, neurririk hartuko ez dutela iragarri du. '132 Naiz' mugimenduak ere "anomaliak" salatu ditu, artean, lapurtutako hautesontziak eta erositako botoak. Enrique Peña Nieto PRIko presidentegaiak irabazi ditu hauteskundeak; Obrador ezkerreko hautagaia bigarren geratu da. 

2012ko uztailaren 3a
10:07
Entzun

Andres Manuel Lopez Obrador ezkerreko PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagaiak presidentetzarako bozen baliogabetzea eskatuko duela adierazi du. Behin-behineko emaitzen berri jakin ostean esan zuen hori ezkerreko hautagaiak. 

Dena dela, boto guztiak zenbatu arte eta behin betiko emaitzak jakin arte, bihar arte arte ziurrenik, neurririk hartuko ez dutela iragarri du. "Aktak eta irregulartasunen testigantzak jasotzen ari gara", azaldu du.

Obradorrek esan duenez, herritarren "borondatea errespetatzea" da bere helburua, "baina horretarako ezinbestekoa da emaitzen gainean zalantzarik ez izatea".  "Mexiko estatuan 107 milioi euro gastatu zituzten gutxienez milioi bat boto erosteko, eta horren frogak ditugu", salatu du PRD alderdiko buruak.

'132 Naiz' mugimenduaren haserrea, gorantz

132 Naiz mugimenduak salatu du Mexikoko hauteskundeetan gertatutako 500 irregulartasunetatik gora jaso dituztela, artean, lapurtutako hautesontziak eta erositako botoak.

Sandino Bucio bozeramaileak Telesur hedabidean azaldu du "anomalia" horien gaineko salaketa ugari bildu dituztela. Gainera, eroskeria kasuen lekukotasunak ere badituztela esan du. "Chiapasen, talde armatuak sartu ziren hauteslekuetan, San Miguel Tolopan eta Guerrero herrietan hautesontziak bete zituzten eta Ensenada eremuan funtzionario batek 2.500 boto desagertarazi zituen", azaldu du Buciok.

Bozeramaileak jakinarazi du etzi Fepade eta IFE Hauteskunde Batzordeetara jasotako dokumentazio guztia eramango dutela. Atzo arratsaldean mugimenduak manifestazio bat egin zuten hiriburuko kaleetan. Instituzioek bozak "eredugarritzat" jotzea salatu du. 

Hamabi urteko etenaren ondoren, PRIk berreskuratu du boterea

Botoen %95,56 zenbatuta eta behin-betiko emaitzak ezagutzen ez direnean, botoen %38,04 jasota irabazi du Peña Nietok; eta sei punturen aldea atera dio Andres Manuel Lopez Obrador ezkerreko PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagaiari. Azken hamabi urteetan gobernuan izan den eskuineko PAN Ekintza Nazionalaren Alderdiko hautagai Josefina Vazquez Mota, berriz, hirugarren posturaino hondoratu da, botoen %25,44rekin; PANAL Aliantza Berria alderdiko hautagai Gabriel Ricardo Quadri de la Torrek laugarren postua lortu du, %2,30eko babesarekin. 

Gobernatzeko modu berri bat agindu du irabazleak, "iraganera bueltatu barik". Berba horiek, baina, kirrinka egiten dute XX. mendean 70 urtez Mexikoko botere guztien jabe izan zen alderdiaren ordezkariaren ahotan. Alderdi zahar baten aurpegi berria irudikatzen du Nietok, eta, basamortuan hamabi urteko zeharkaldi bat egin ostean, PRI berriro agintera itzultzea lortu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.